dalak pilotaleku berria eginen du Mendillorrin, abendutik aitzina. Hori albistea da berez, pilotaleku kontuetan Udala ez baita preseski eraikuntza aritu, eraispenean baizik. Izan ere, XXI. mendearen hasieran, bi pilotaleku bota zituen. Bat, Euskal Jai, San Agustin karrikakoa. Eraikina ederra zen zinez, ederrenetarikoa munduko pilotalekuen artean. Urte sail luzean partidarik jokatu gabe, sasiek erdi janda, zikinkeriaz eta zaborrez beterik zegoela, gazteek dena garbitu, txukundu eta gaztetxea paratu zuten. Okupazioak luze iraun zuen, baina azkenean, alkate eskuindarrak hondeamakinak igorri eta arkitektura modernistako eraikuntza hura errotik eraitsi zuten 2004an, haren ordez munduko eraikinik itsusienetako bat ezartzeko, izenetik hasita: Aquavox, alegia. Handik bortz bat urtera, bertze pilotaleku bat ere bota zuten. Ez zen Euskal Jai bezain distiranta, baina jende aunitzek erabiltzen zuen. Adineko jendea aritzen zen bereziki, eta beren txapelketak ere antolatzen zituzten; hori guztia, jakina, Udalak eraitsi arte. Ziudadelako lubanarroetako frontoia zen, Gaztelugibelen. Badira, halere, denboraren joanaren gainetik iritsi zaizkigun pilotalekuak, Labrit eta gisakoez gain. Iturramako Lopez da ezagunena, erabiliena. Eta bi dira Alde Zaharrean: Mañuetakoa, nahiz ez den inola ere garai batean izandakoa, eta Labriten atzealdeko harresietan dagoen Jito Alai, ijito jendea Merced aldean bizi zen garaien erakusgarri. Bada bertze eraikuntza bat, aspaldian pilotalekua izandakoa, Perkain, Vinculo plazan, Joaniko Inda pilotari ospetsu aurizberritarraren oroigarri, herri horretako Perkainenean sortu baitzen. Gerra ondoren, ordea, han, Alcazar zinetokia paratu zuten, eta eraikuntza aspaldian dago itxita. Zezenak eztabaidan dauden honetan, bertze ikur bat beharko luke hiriak etorkizunari begira. Zergatik ez euskal pilota?