an Lorentzoko bozgorailuak hegoaldeko kantu molde bat zabaldu du azken egunotan, Andaluziako prozesioetan Aste Santuan abestua: saeta. Oro har, gero eta joera handiagoa nabari da bertzelako usadioak gurean txertatzeko. Bitartean, bi urtez huts egin ondoren (zerk ez du kale egin bi urtean?), prozesioak Alde Zaharreko karrikak oro hartu ditu ikusle olde handiaren artean. Lehenago, prozesioaren biharamunean, argizari-arrasto luze-luzea ageri zen zolari itsatsirik, mozorro ilara etengabeen erakusgarri, etxeetan mozorro bana zegoela iduri zuen garaian. Hura argizarizko geruza irristagarria zen eta, diotenez, aspaldi-aspaldian, hiriko jende behartsua ari-tzen zen kalez kale argizari-hondarrak biltzen, sos pizar batzuk kolkoratzeko. Aurten, ordea, txikia izan da argizari-arrastoa, alde banatako mozorroen segizioa laburragoa izan den seinale. Turisten emaria, ordea, izugarria, eguraldi onak bultzaturik, gu kanpoko bazterretan gabiltzan ber. Sanferminak ere arrunt jendetsuak espero dira hiriko alkatearen loriarako, maiatza eta ekaina ere ekitaldiz josirik etorriko diren bezala. Eta gaur, Iruñean eginen du talde batek Aberri Eguna. Iruñeko lehena 1935ean ospatu zen, nahiz eta ez zen pazko igandean egiterik izan, agintari errepublikanoek debekaturik. Azkenean, ekain akaberan egin zen, Euzko Eguna izenarekin, Euskal Jai pilotalekuan eta zezen plaza mukuru beterikoan, garai hartako eskuindar ororen suminerako. 1967koa ere Iruñean, agintari frankistek debekatua. Ikurrina sorta bat pausatu zen Gazteluko Plazako zolan, teilatuetatik hegaldaturik. Opor giroak eta denboraren joanak ez diote onik egin egunari. Hori bai, gure hirian baten batek Aberri Egunerako deialdirik egiten duen orotan bezala, gaur ere bandera handi bat agertuko da Diputazio pareko etxe ospetsuan: hori-gorria, hain zuzen ere.