Ayman abal-Zawahiri, Al Qaaeda-ren buruzagia, dron batekin hil dute. Baina lasai. Etxekoek ez dute inolako erasorik nozitu eta. Dron bidez bidalitako misilak Al Qaaedako terrorista bakarrik harrapatu du, ez beste inor. Disparo garbia izan da. Milimetratua. Su geldian sukaldatua. Joe Biden-ek, Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, zuzenean jarraitu ahal izan zuen bai misilaren disparoa eta bai al-Zawahiriren heriotza ere. Telebista ikusten balego bezala. Etxe Zuriko eragiketa salatik. Eta dron-ak F-16ak baino merkeagoak direla jakitea eta heriotza pertsonalizatu daitekeela ikustea, mundua liluratuta uzteko moduko datuak direla jakinarazi digute. Hala izango da bai, egun guztia kamara eta mikrofonopean bizi garela sentitu arren. Lanean kamarak ditugu nonnahi, dendetan kamarak ditugu nonnahi, kaleetan kamarak ditugu nonnahi, eta etxean ere errrezelak eta pertsianak ixten ibiltzen gara, guk gutxien espero dugunean, dron-en batek graba gaitzakeelakoan. Heriotzatik milimetro batera egon gintezkeelakoan.

Telefonoak ere itzaltzen hasiak gara, esaten dugun oro grabatzen dutela esan zigutenetik. Gure elkarrizketetan aipatzen ditugun objektu askoren gaineko publizitatea jasotzen hasi ginenetik, inori ezer eskatu gabe. Beste nonbaiten, bigarren bizitza bat bagenu lez. Gure gerizpeak bizi duena, gure ordez.

Eta, hala ere, reality show-ak gustatzen zaizkigu. Bizitza intimoa (fikzionatua bada ere) kamarapean bizitzea eta erakustea. Besteena da, beti ere, ikusten duguna. Gu salbu sentituz. Baina besteena zelatatzen duenak, berea ere zelatatua izan daitekeela du ameto. Alfred Hitchcock-ek Rear Window (Leiho ez-diskretua) filma pantailaratu zuenean, 1954an, zinezaleak beldurtu egin omen ziren, errezelarik gabeko leiho baten diskrezio ezak gure bizitzetan izan zezakeen eraginaz kontu emanda. Eta jendea errezelak erosten hasi zen, mugikor bidezko publizitatea jasotzen hasi baino askoz lehenago.

Ordutik jada, denok gaude tirogunean eta, orain, erdi prezioan, gainera.