Pasa den larunbat honetan, Miramongo Matinéen baitan, Astor Piazzollaren unibertsoan galdu ahal izan nintzen. Eta galdu diot, zentzurik onirikoenean. Kemen handia izeneko boskoteak (pianoa, biolina, kontrabaxua, fagota eta bandoneoia) Piazzollaren obra ezagunenetako batzuk bildu zituen Philippe de Ezkurra bandoneoijole eta piazzollazale adituak egindako moldaketak oinarri.

Orain arte entzun dudan matinéerik onena izan zela esatera ausartuko nintzateke, gehien hunkitu nauena, ezbairik gabe, obren malenkonia eta lirismoagatik, birtuosismoagatik, dramatismoagatik eta musikariek arimaren zokorik sakoneneraino sartzeko izan zuten abilezia intimoagatik. Piezaz pieza, entzulearen barrunbean sartu eta bertan arakatzen jakin zuten, Miramonera eraman zenitzakeen aferez biluzarazten eta ezagutzen ez duzun lurralde berri batera eramaten.

Kontzertuaren azken aldera, ordea, eta artean Oblivion eta Libertango piezak jotzea falta zirela, Philippe de Ezkurrari bandoneoia puskatu zitzaion... Ezker eskuaren heldulekua tresnatik askatu eta bandoneoia hauspotu ezinda gelditu zen.

Arnasa moztu zitzaidan. Musikariei ez, ordea.

Horrelakoetan ohikoa den gisara, publikoak txalo egin zuen, ozen. Aurrera, aurrera, esanez bezala. Baina, berehala, isiltasuna. Boskotea, osorik eskenatokian. Bi pieza gelditzen zitzaizkien jotzeko.

Bandoneoi hau oso zaharra da, esan zuen de Ezkurrak, baina oso ona. Batzuetan, ukituren bat behar izaten du. Oraingoan, handi samarra.

Eszenatokitik atera eta bost minutu inguru egin zituen boskoteak irtenbide bila, laster batean eszenara bueltatzeko, bandoneoia zinta isolatzaile beltzean bilduta. Azken bi piezak ez dakit onenak izan ziren edo ez. Baina bai boskotea hazi egin zela. Publikoak tente bukatu genuen, txalo zaparrada luzean mozkor. Bisa eskaintzeko ere eskuzabalak izan ziren eta de Ezkurrak, mikroa eskuan, argentinarraren hitzezko kantu eder bat eskaini zigun, guztiok ere, maitasunez hordi baginen, erotuta gaudela esanez.

Beste nonbaiten utzi gintuen artistak larunbat goizean, Miramongo egoitzatik atera eta ez genekiela nora. Leku ederra da erotasuna.