Orain dela hilabete eskas EAJren eta PSEren arteko harremanak oso gaiztotuta zeuden. Igerilekuarena une gorena izan zela esatea gehiegikeriatzat jo daiteke norbaitek agian, baina ezin ukatzekoa da meme hura bi alderdien arteko desadostasunen ikur bilakatu zela. Gaur egun, aldiz, dena aldatu da: Aitor Esteban eta Eneko Andueza elkarrekin agertu dira kameren aurrean; “irudi batek mila hitz baino gehiago erakusten du”, esan zuen haietako batek, ez dut gogoan nork; “musurik ez”, esan zuen haietako batek, ez dut gogoan nork, kazetarien txantxen aurrean eskua elkarri gizonki ematen zioten bitartean. A. E. eta E. A., ez dakit hizki horien atzean arkano sekretuak ezkutatzen diren edo interes arruntagoak. Anduezak koalizio-gobernua “arrakastaren eredua” dela errepikatu du, eta Estebanek ez dagoela arazo pertsonalik. “Gloria zeruan / bakea hemen”, gabon-kanta zaharrak dioen bezala.
Noiz arte iraungo du bakeak? Batek daki. Batzuetan pentsatzen dut EAJren eta PSEren artean dagoen jolasa, orain primeran konpontzen gara, orain ez hain ondo, aldez aurretik prestatuta dutela biek, eta behar dutela hilabete batzuetako bakearen ondoren aste batzuetako tentsioa gure, hautesleon, asperdura arintze aldera. Arazoa errazagoa izango da, ziur aski, eta Egonkortasunaren jainkoaren aldarean egin beharreko sakrifizioak baino ez dira izango noizbehinka ditugun hika-mika horiek. Ai, Egonkortasuna!
Nolanahi ere, bakea ez da osoa izango, EAJ Espainiako Erresuman hauteskunde orokorrak eskatzen baitabil (erraz irudika dezaket Eneko Andueza muturra okertzen). Behintzat, EAJk eskuin espainiarren zentsura-mozioa ez duela inoiz babestuko adierazi du (Anduezaren hazpegiak lasaitu dira), ulergarria dena bestalde, inor ez baitago harakiri bat egiteko irrikan.
Udal eta foru hauteskundeen bezperetan agian berpiztuko dira bi alderdien arteko istilutxoak, gauza handirik ez, udalak eta aldundiak antolatu behar dira gero, eta “arrakastaren eredua” mantentzea komenigarria izango da A. E.-rentzat eta E. A.-rentzat. Beharbada komenigarriagoa E. A.-rentzat.