Bide barrijak izan badira. Bidegabekeriak bebai
Lauaxeta gogora ekarriz, bide barriak erabili zuen Urkulluk, beste inork idatzitako hitzaldiari hasiera emoteko.
Euskara bizirik nahi dugu esan zuen; baina ez euskaraz bizi nahi dugula.
Euskara garenaren parte garrantsitsua da jarraitu zuen, euskaldun egiten gaituena euskara dela adieraztetik urrun oso.
Euskarak gehitu egiten duela esateko, ez da hobe isilik irautea? Adierazi beharra dago?
Euskaraldiak erabilerari bultzada iragankorra- eman ziola aitortzea gauza bat da, eta euskara biziberritu genuen esatea, gehiegikeria.
Ariguneak edo euskaraz aritzeko gune erosoak sortzeko Jaurlaritzak eta Herri-erakundeek oro har duten ardura, kirol elkarte edota lagunarte batek duenarekin parekatu nahi izatea, lotsagarri samarra. Euskararen eguneko adierazpen instituzionalean behin eta berriz espainiera tartekatzea, esanguratsua
Baina Lehendakariak bide barriak benetan saiatu gura baditu, hamaika aukera dauzka Lehendakaritzatik hur, oso eskura.
Eusko Jaurlaritzan dihardugun sindikatu euskaltzaleon bulegoetarako bidea, berbarako.
Bertan gauzka zain, euskararen erabileran aurrera egiteko elkarlanean noiz jardungo.
Hamaika proposamen dauzkagu, entzuteko prest badago.
Euskararen erabilera bermatu gura dugun sindikatuoi, aldi bereko itzulpen zerbitzua erabiltzeagatiko zerga garestia altxatzetik has daiteke, adibidez.
Bide barria barik, euskaraz bizi nahi dugunoi zergak ezartzea bidegabekeria galanta baita.
Bidean elkartuko garelakoan.