Orain egun batzuk El Renacido filma ikusi ahal izan genuen telebistan. Orain dela bi mende, Ipar Amerikan bizi zen Hugh Glass izeneko ehiztari baten bizipenak kontatzen ditu filmak. Bere eszena ezagunenean, protagonistak, ehizan ari dela, kumeekin dabilen hartz eme baten eraso bortitza pairatzen du. Pelikulaz gozatu eta hurrengo egunean jakin genuen basurde ehizaldi banatan bi hartz eme hil zirela, Palentzia eta Huescako Pirinioan, hurrenez hurren. Palen-tziako kasuan ehiztariak har-tzari tiro egin zion basurdea zelakoan. Aragoiko ehiztariak, nonbait, bere burua arriskuan ikusi zuen eta hartza akabatu behar izan zuen. Bi ehizaldi hauek baimenduta bazeuden ere heriotzak ikertu behar dituzte gertatutakoa argitzeko, alegia, ehiztarien arrazoiak baieztatzeko edo gezurtatzeko.Tamalez gertaera hauek ez dira soilak izaten. Azkenaldian batzuk izan dira ehizaren inguruan edo aitzakian hil diren hartzak. Gogoratzekoa da 2004an gertaturikoa. Urdosko mendietan (Biarnon), orduan baimenik gabeko ehizaldi batean, ehiztari batek Pirinioko azken jatorrizko hartz emea tiroz hil zuen. Hartzak Canelle zuen izena. Ehiztariak bere burua defendatzeko tiro egin zuela argudiatu zuen. Ekologistek gertatua salatu zuten eta ikerten ostean epaialeak 11.000 mila euroko zigorra ezarri zion ehiztariari bereziki ehizaldi ilegalean parte hartu zuelako.Gizakiak luzez ehizatu izan du baina egun hartza babesturik dago Europan, zer esanik ez Pirinioan. Oraindik hartza desager-tzeko zorian dago eta horrelako galerek populazioaren errekuperazioa oztopatzen dute. Orain bi hamarkada Esloveniatik ekarritako aleek eta orain bi urte Claverina eta Sorita hartz emeen etorrerak bultzatu izan dute gure hartza berreskuratzea. Gauzak honela, jada hartza gure artean dago eta denoi dagokigu elkarrekin bizitzen ikastea. Izan ere, abeltzaintza, turismoa, ehiza, eta beste jarduera batzuk bateragarriak izan daitezke har-tzaren kontserbazioarekin. Aldiz, legeak hausten aritzen direnak jokalekutik kanpo daude eta epaileek haien kontra gogor jo behar dute.