railak, erreka bat balitz bezala, bere bidea darama; oraindik sobera gogorra ez bada ere, hotza somatzen hasia da, Kintoa eta Urbasako pagadietan onddo beltzak atera omen dira eta xoxoek aspaldi utzi gintuzten urteroko migrazioari ekiteko. Iraila bere ibilbidea jorratzen ari da, bai horixe, eta, beraz, udazkena ia ohartzeke iritsi zaigu.

Berau planak egiteko garaia izaten ohi da: soinketa egitera joateko, lagun-koadrillarekin igande goizetan mendira ateraldia egiteko, margoketa klaseak hartzeko, igerilekuan ezin gusturago bustitzeko edota hizkuntzak ikasteko tenorea.

Aurten, gure irudikoz, Euskarabideak euskara klaseak sustatzeko kanpaina ederra abiatu du. Ederra estetikoki eta ederra helarazi nahi duen mezuari dagokionez ere. “Euskara ahoRA”. Hitz jokoa da, euskaraz eta erdaraz esanahi desberdina daukana. Eskaraz, ahora eramateko, mintzatzeko gonbita egiten digu eta erdaraz, aldiz, momentuari erreparatzen dio: “ahoRA”, oraintxe, en éste mismo instante...

Sinatzaileok, geure esperientziatik abiaturiko hainbat kontu azaltzera gatozkizue. Guk urteak daramatzagu Comedias kaleko Arturo Campion IKA euskaltegian, beteranoak garela esan daiteke lasai asko.

Baina zergatik jarraitzen dugu?

Lehenik eta behin, gure hizkuntza, gure “lingua navarrorum” ikasi eta praktikatu nahi dugulako. Hitz batez, ahora eraman nahi dugulako. Urteetan ikasitakoari errepasoa eman, kontzeptu berriak ikasi, ahaztuxea daukaguna berreskuratu, irakasleak proposatutako proiekturen bat edo beste gauzatu eta, batez ere, mintzatu, mintzatu eta mintzatu. Bakoitzak nahi duena, ekarri edo proposatu nahi duena, libreki azaldu eta eztabaidatu.

Eta gainera, ongi pasatzen dugulako, irri egiten dugulako, elkarri txantxak egiten dizkiogulako...euskaltegia maite dugulako.

Beharbada, irakurle, egoera berean zaude. Agian, zu ere, zerbait ikasi zenuen, denbora izan baduzu, elkar komunikatzeko gai bazara, baina ez duzu norekin. Orduan ez izan zalantzarik! Gu zure zain gauzkazu. Zatoz euskaltegira, izena eman eta gurekin elkartu!

*Josu Abajo, Jose Miguel Iribarren, Kontxi Uriz, Josu Ugarte, Jose Monreal, Isabel Taínta, Luis Badostáin, Laura Gurbindo, Alberto Nadal, Javi Lavilla eta María Jesús Goikoetxea