Joan zaigu Donostiako Zinemaldia, pasa dira hainbat film, askotariko hizkuntzetan emanak. Bada, oso urria izan da euskaraz ikusi ahal izan duguna. Horratx: programazioaren %10a soilik ikusi ahal izan da euskaraz (elebietan edo euskarara azpidatzita).

Jaialdiaren araudiak argi dio 6. artikuluan: emanaldi guztiak eskaini behar dira gazteleraz edo gazteleraz azpidatzita. Eta euskara? Missing, aipamenik ez. 8 M€-ko aurrekontua (erdia baino gehiago diru publikoa) duen eta Euskal Herrian ospatzen den jaialdi batek euskaldunoi ezikusia egin digu berriz ere.

Larunbat arratsaldean genuen zinemazaleok hitzordua eta film maratoia belodromoan, Kursaaleko galarekin zuzeneko konexioan. Bada, aurkezlea euskaraz hasi bezain laster, ahotsa lotsagabe estali zioten gaztelaniazko bat-bateko bikoizketaz, hizkuntza arrotz batean ari denari egin ohi zaion bezala.

Urrezko Maskorra eraman zuen “Los reyes del mundo” filmak, Kolonbiako gaztelania kaletarrean antzeztua. Herritar baztertuen aldeko sentsibilitatea erakusten duen film horretan, bazter geratu ginen euskaldunak berriz ere, eta mezua egungo hizkuntza hegemonikoetan helarazi ziguten: azpidatziak gaztelaniaz. Badaezpada, hala ere, lasai, pantaila azpian azpidatzi gehigarriak zituen: ingelesez.

Euskaldun batzuk pantailak euskaraz erreklamatzeko elkarretaratu ginen Kursaal aurrean, gure hizkuntzaz bizi eta pantailetan ikusteko apustu sendo baten alde. Donostiako Zinemaldiak, ostera, beste irudi eta pedagogia negargarri bat utzi digu.

Zein erakunde publikok parte hartu dute Zinemaldia babesten (euskaldunei utikan egiten)? Noizko pantailetan ere gure hizkuntzan normaltasunez bizitzeko eskubidea? Noizko Donostiako Zinemaldian euskaldunekiko begirunea?

*Plazara Gatoz Taldeko kideak