Zirrikituetatik begira

Txile

10.02.2020 | 11:48
columnista juanra madariaga

URTE bete pasatxo eman nuen Txilen. Bertakotu nintzen, txiletar gisan mintzatu eta bizitzen hasi nintzen. Behartsuenen artean, abandonuak jotako umeak, laguntzen eta irakasten, euren denbora konparti-tzen aritu nintzen bolada hartan. Hura denbora bikaina izan zen. Gutxirekin bizi ginen, eta gutxitasun horrekin ere enparau oro bizi zen. Klase altuko jendearen auzuneak ez genituen bisitatzen, ez ziren geu bezalakoak, bagenekien nondik ziren etorriak. Santiagon Pinocheten garaiko ondar mingarri asko arnasten ziren. Alamedako jauregietako tiroen zuloak hormetan, edota poliziaren prepoten-tzia ziren horietariko batzuk (Paco-ak berdinak dira toki guztietan). Baina ematen zuen faxismoak kastigaturiko herriak aurrera egingo zuela, ekonomikoki ondo baitzihoakion.

Baina ez. Garai ilunetatik hona makina bat urte iragan diren arren, "demokrazian" bizi den arren, botere faktikoek herria zapaldu nahi izan dute berriz, Santiagoko metroan prezioaren gorakada berri bat egite soilagatik. Argi dago horren atzean herriaren mingostasuna dagoela. Herriak ezin du gehiago, nekatuta eta nazkatuta dago. Ezarri den eredu kapitalista neoliberalaren aldeko politikari esker, betikoek irabazten dute beti (aberats kopurua gora doa tai gabe), dirudunak aberatsago eta pobreak miserableago, han eta toki guztietan. Politika bera nahi dute Ciudadanos eta PP alderdiek Espainian jarri, herriari letorkiokeen kaosari jaramonik egin barik.

Justizia sozialari eta elkartasunari bizkarra emanik, prezioek gora egiten dute (eta soldatak ez) egunerokotasunak asfixiatzen duen kaletarrarentzat; prekarietatea da nagusi. Asfixia hori sentitu dute Txilen, eta bertako presidenteak herriaren kontra jarri da salbuespen-egoera ezarriz. Herriak ez du beldurra onartzen, eta altxatu da. Bestelako garaietan gauden arren, errepresio gordinaren bidez, makina bat atxilotu, hildako, emakume bortxatu, eta bestelako gehiegikeria pilo bat ikusi ditugu handik heldu zaizkigun irudietan. Tamalgarria.

Espainiako bezalako sasi-trantsizioaren erruz zulo beltzetatik ari dira ateratzen iraganeko mamu guztiak. Politikak, batzuetan, sekulako higuina ematen du.