gandean, egunkari honek elkarrizketa interesgarria argitaratu zuen Vicenç Villatororekin. Kazetari kataluniarra bere herrialdeko egungo kinka politikoaz ari zen gehienbat, baina, Kataluniako telebista publikoan ere ibilia baita, hona zer zioen bere lantokia izandakoaz: "TV3 ez zen sortu Katalunian zer gertatzen zen kontatzeko, Kataluniatik munduan zer gertatzen zen kontatzeko baizik". Ez ziren 24 ordu joan Administrazioan Euskaraz Taldeak (AET) txio batean ohartarazi gintuenetik ETB1en eta ETB2ren larunbat gaueko programazioaz. Kate euskaldunean trikiti txapelketa emititzen ari ziren tenorean, Quentin Tarantino zuzendari estatubatuarraren filma eskaintzen ari zen kate erdalduna, gaztelaniara bikoiztua. Euskara, etxeko kontuetarako eta gauza apaletarako. Handitasuna eta distira erdaraz datoz; erdara, munduarekiko zubi. Ez da ETBko agintarien seta esklusiboa. Aspaldi handitik heldu da euskara etxean ibiltzeko baizik ez delako ustekeria, euskara munduaren berri emateko ezgauza delakoa. Larruazalean landatua daramagu, eremu berriez jabetzea galarazten digun gaitz paralizatzaile baten gisan. Ulertzekoa zen erdaraz eskolatutako belaunaldi zaharretan. Etsigarria da ikasketak euskaraz egin dituzten gazteei gurasoen jokabide berak antzematea. Euskara, bertsoetarako eta pilotarako. Modako telesaila ikusteko edo azken nobel sariduna irakurtzeko, gaztelania edo frantsesa. Gure mintzaira mendratzen duten ajeetariko aunitzek ez dute bertze sorbururik. Gaur egun, euskaldun gehienen euskara jada ez da Lizardik bere poemetara ekarri zuen hizkuntza larrekoa, eta arrunt gutti du tolosarrak amesten zuen euskara noranahikotik. ETBk horren sendabide izan behar zuen, baina estereotipo zaharrak berritzen dizkigu bere bi kateen edukien ispiluan. AETren txioak galdera bat zekarren bukaeran: "Zergatik ez alderantziz, filma euskaraz ETB1en eta Trikiti txapelketa ETB2n?". Horixe bada, zergatik ez?