ikel Martinezen eta Patxo Telleriaren azken antzezlanean, Joseba Sarrionandia agertzen da pasarte dibertigarrienetariko batean. Non eta kartzelan, oraino baflean sartuta. Ikusleei esplikatzen dienez, inpostore bat da izen horrekin Habanan dagoena, bera ez baita 36 urte hauetan Martutenetik mugitu. Ederra kasualitatea, idazle bizkaitarrak parada du oraindik Ez dok ero ikusteko eta bere buruaren kontura irri egiteko. Sarri Iurretan da joan den astetik, 40 urte eta 30 liburu geroago. Lehenago etortzen ahal zen. Nahiago izan du itxaron. Kezka omen zuen bere itzulera politikoki erabiliko ote zen. Gogogabetzen omen zuen bere etorrerak inguruan piztuko zuen zurrunbiloak ere. Ez da erraza mitoa izatea. Euskal idazle gehienon biografia gatzgabe eta aspergarriaren ifrentzuan, bizi nobeleskoa eskaini die Sarrik bere irakurleei. 1980an bere militan-tzia literaturara mugatu balu ere, berdin-berdin izanen litzateke gaur egun euskal kritikari eta irakurleek gehien estimatzen duten idazleetarik. 1985ean Imanol Lartzabalen ekipoan sartzeari uko egin balio ere, arrasto sakon bera utziko zuen bere belaunaldian nahiz ondorengoetan. Ezin uka, dena dela, ETAko kide izatearen ondoriozko kartzelaldiak, ihesak eta sasipeko bizi iheslariak plus baten gisa funtzionatu dutela haren lanaren zabalkundean. Kontrara ere gertatuko zen, alegia, batzuendako minus bat izatea; gutxiagotan, ordea. Orain, iurretarra nekatu da urrutiko itsasoetan nabiga-tzeaz. Gogaitu da Polifemoz, Circez eta Calipsoz. Ez du gehiago eleberri bateko pertsonaia izan nahi. Behialako gerlaria bere Ithakara itzuli da eta eskaini duen elkarrizketa bakarrean irakurri diogu pertsona normal-normaltzat daukala bere burua. Seguru aski, hemendik aitzina halakoa izan nahi lukeen seinale. Pertsona normal bat, herri normalago batean. Inor ez da galduan aterako. Ezta haren literatura ere.