oan den astean jakin genuen talde ultraeskuindar frantses batek gurutze puska bat paratu duela Oriko kaskoan, Nafarroa eta Zuberoa artean. Balentria baten gisara iragarri dute, katolikotasunaren eta frantsestasunaren aldarrian. Ez diot bizi luzerik iragartzen. Bertzalde, zertaz harritu? Haizerrotak udazkeneko zizak bezala ugaritu baino lehen, gurutzeak eta gisako iruditeria erlijiosoa ziren gure mendi kaskoetako espezie inbaditzailea. Guti izan dira gurutziltzatuaren irudikapenarekin bedeinkatu gabeko tontorrak. Zenbat eta enblematikoagoak, are handiagoak. Behin, Anetoko gailurrean, bertako gurutze alimalekoaz gaizki erranka ari ziren mendizale batzuk. Gorbeara igotzera gonbidatu nituen. Hangoa bai gurutzea; Gasteiztik nahiz Bilbotik, ehun kilometroren bueltan ikusten da largabistaren beharrik gabe. Pagoetakoak ere ez dira makalak, Zarautz aldean, xut itsasoari begira. Ezta Hernio aldekoak ere; Verdungo hilerritik kanpo aurki daitekeen gurutze-sororik handiena. Nonbait, XIX. mendearen bukaeratik heldu zaigu mendi puntak gurutzez josteko lehia hau. Gero, XX.aren hasieran trinkotu zen, mendizaletasuna hedatzearekin, are gehiago gerla ondoko nazional-katolizismoarekin. Ez da, gainera, gure harrikada hutsa. Suitzako Alpeetan nonahi ageri dira, baita Italiakoetan ere. Gran Paradiso gainean dagoen madonna erraldoiak ipotx lotsagarri baten parean uzten du Hiru Erregeen Mahaiko gure San Frantzisko Xabier nimiñoa. 70eko hamarkadatik hona beheiti egin du zorioneko pleguak, baina horrek ez du erran nahi mendia metalezko eransgarriz betetzeko nahikeriari uko egin diogunik. Mendi taldeek segitzen dute malkarretan buzoiak landatzen. Hiru eta lau, gailur batzuetan. Holakoren edo halakoren oroitarriak ere ugaritu dira harria eta belarra ziren tokian; zenbaitetan, modu basati samarrean. Harrigarriki, kutsadura mota honen kontrako oihu guti aditzen da. Mendiak, zenbat eta mendiago hobe.