aps-en begiratu dut. 3.232 kilometro daude gure etxetik Kiev-era. Bidesariak ordainduta 33 ordu beharko genituzke Ukrainako hiriburura autoz ailegatzeko. Hiru ordu gehiago, bidesaririk ordaindu nahi ezean. Gure arteko kamioilari batzuek astean behin egiten dute harainoko joan-etorria. Oker dago urruntasunaren aitzakian Europako ekialdean egosten ari den gatazkari ezaxola begiratzen diona: Ukrainan gerla garbia pizten bada gu ere zikinduko gaitu, zer esanik ez Espainia zuzenean engaiatuz gero Errusiaren kontra. Kasu, hala ere. Alde batera gelditzeak ez gaitu ondorioetatik libratuko. Bertzelakoetan sartu gabe, zipriztin ekonomikoak ere gureganaino ailegatuko dira, bertzeak bertze energiaren alorrean. Gure inportatzaile nagusia ez izanagatik ere, Errusiak ere gasez hornitzen dizkigu berogailuak. Ukrainako krisiak halako birlerrokatze bat ekarri du iritzi-emaileen artean. Ez dira bitxikeriak falta. Duela 20 urte “gerlari ez!” oihukatzen zuten batzuk esku-hartzearen aldeko agertzen dira egun hauetan. Orduko belatz bat baino gehiago ere uso bilakatua ikusten dugu orain. Ukrainari laguntzearen kontrako jarreran bat egin dute noizbaiteko Soviet Batasunaren nostalgikoek eta Putin homofobo, zentralista eta autoritarioaren miresle berriek. Betidaniko demokrata aunitzi, berriz, ez zaio, nonbait, axola Kieveko gobernuan eta indar armatuetan eskuin muturrak duen itzal gero eta handiagoa. Gainerako gehienok ez ditugu kontuak hain garbi. Kontraesanen nahaspilan nabigatuz, duda-muden portuan baizik ez dugu aurkitzen aingura non bota. Ni, konparaziorako, senak bakezale egiten nau, kosta ala kosta. Memoriak, aldiz, gaztigatzen dit zer garesti ordaintzen duten herriek autokrata baten mehatxuen aitzinean amore emateak. Gurutza ditzagun ha-tzak. Kinka latza litzateke, senaren eta memoriaren artean hautatu behar izatea.