endi polita da Gorbeia. Bizkaiako altuena, badakizue. Mendizaleok beti sentitu dugu handiena, altuena eskalatzeko edo igo-tzeko gogo obsesiboa. Inguruko beste guztiak nolabait mesprezatu egiten ditugu handienetan handiena igotzen saiatzeko. Himalaian ere gertatzen da Everest mendiarekin, Pakistanen K2 edo Chogori izenekoarekin, eta gero beste guztiekin berdin, Mont Blanc, Aneto, Teide... Hemen, hurbilago, gure lurraldean mendizaletasunaren protagonismo guztia Gorbeak omen du (Txindokik, Aizkorrik ere bai), eta Bilbotarren artean Pagasarrik edota Ganekogortak. Urte zahar egunean edota urte berriaren egunean, gure mendietara gerturatzeko tradizio handia dago bertoko mendizaleen artean. Egia esan, egun horiek modu berezian bizitzeko aukera paregabea eskaintzen du mendiak, baina batzuetan ezinezkoa izan daiteke.

Egunotan elurrak egin digu bisita, modu kontundentean gainera, eta inguruko paraje guztiak geruza lodi batek hartu ditu. Gainera eguraldia oso exkaxa izaten ari da, eta agian baldintza horiek ez dira onenak mendira joateko dugun desira baretzeko, baina halarik ere obsesio moduko zerbait sortzen da mendizale eta ez hain mendizale direnen artean, eta ondorioz, ohikoa da entzutea erreskateak gertatzen direla hipotermiak jotako edota bidean galdurik ibili diren eskarmentu gabeko mendizaleekin. Bizkaian ehunka mendi ditugu (asko oso ederrak eta ikusgarriak) Gorbeiaz aparte, Anboto mendiaz aparte. Ez dira altura eta arriskua bilatu behar sekulako paisaiaz edota bakardadeaz gozatzeko.

Benetan, ehunka daude, eta elurra zapaltzeko edota zuritasun horrek sortzen duen espazio magikoaz gozatzeko ez da beharrezkoa eguraldi petralarekin, mendiari buruzko ezagupen ñimiñoekin Gorbeiara joatea, izan ere mendiak aurpegi asko ditu, batzuk ederrak baina beste ba-tzuk gaiztoak. Elurra arerio maltzur bilakatu daiteke konturatzeke. Egunotako albistegietan mendizale batzuk erdi galduta eta hotzak jota ibili direla entzun dugu, eta kasu larriagoren bat ere izan da. Gozatu mendiaz baina segurtasunez, hortaz, ezin denean buelta hartu, eta listo!