2 mendia (8.611 metro) munduko altuenetan bigarrena da Chomolungma erraldoiaren atzetik. Hamalau horiek guztiak, neguan igo dira printzipioz (puristek diote ezetz), eta Chogori edo K2 falta zen neguko zerrenda hori osatzeko. Bada, Nepalgo mendizale talde indartsu batek bigarrenaren gailurreraino heltzea erdietsi du lehen aldiz neguan. Joan den larunbatean, 17.00etan, gertatu zen ekintza gogoangarria. Mendizale guztiak, diodan moduan, nepaldarrak izan dira. Eskalada horrekin zor zitzaien errekonozimendu globala hartu dute behingoz eta merezitako leku ederra egin dute historian. Nepaleko xerpak munduko mendizale indartsuenak dira inolako zalantzarik gabe, eta hala erakutsi dute beste behin. Haiek gabe, nekez burutuko zen Himalayismoaren historia osoa, non urrezko letretan mendebaldarron izenak baino ez diren agertzen. 1954. urtean igo zen lehen aldiz mendi hori, eta Italiako alpinistek burutu zuten; makina bat urte beluago neguan ere eskalatu da erraldoia. Orain mendizaletasunaren mugarrietan Mingma Tenzi Xerpa, Nirmal Purja, Gelje Xerpa, Mingma David Xerpa, Mingma Gyalje Xerpa, Pem Chhiri Xerpa, Dawa Temba Xerpa, Kili Pemba Xerpa, Sona Xerpa eta Dawa Tenzin Xerparen izenak agertu beharko dira ezinbestez.

Neguan egindako igoera erabat ikusgarria izan da. Menditzarraren kanpamendu nagusian 60 alpinista elkartu badira ere, haiek hartu zuten ardura handiko lema, eta arin egin zuten gora, ekinez gora eta gora, eguraldi oneko egunak ondo probestuz. Igoaldia, noski, oxigeno botila piloarekin egin da eta horrexegatik mendizaleen artean kritikoak ere agertu dira esanez pena bat dela lehen igoera hori oxigenoz mukuru egin izana. Baina, tira, aitortu behar zaie sekulakoa egin dutela, neguak bestelako parametroak ezartzen baitizkio alpinistari. Orain beste erronka bat dago airean: ea nor prest oxigenorik gabe berdina egiteko.

Halarik ere, dena ez da poztasuna izan. Igoera mitikoa lortzen zen egun berean Sergi Mingote eskalatzaile kataluniarra laban egin, maldan erori, eta hil zen zoritxarrez. Mendiaren loriak eta tristurak eskurik heldurik datoz beti.