stimatzen dut isiltasuna, eta garai sindemiko hauetan, areago. Zarata larregi dugu inguruan; mota askotako zaratak: ahots gehiegi honetaz eta hartaz mintzatzen, hurkoa kritikatzen, ahotik apoak bota-tzen, errespeturik gabeko manera zorigaiztokoak haizatzen, historiako kapitulu groteskoak ez salatzen, lerdokeria galantak ahoratzen, faltsukeriak zuri-tzen, bekatu barkaezinak arintzen, garrantzikoa denari garrantzia kentzen, eta tribiala eta friboloa denari hauspoa ematen.

Sasi-konfinamendu fisiko eta mental horretatik ihes egiteko, isiltasuna bilatzen dut beti. Oso urrun ezin da joan, baina zorionez badira gertuko paraje batzuk berezko isiltasuna luzatzen digutenak. Zoko menditsu batuetan, desorduetan, animalien eszenografian murgildu ahal zara, horiek osatzen baitute espazio horretako musikalitate saubea. Soinua egon daitekeen arren, isiltasunak blaitzen zaitu. Egia da urruneko suge-autopista haietako mamu gurpildunen murmurioa heltzen dela, baina pixkanaka zure belarriek ez dute hori adituko, eta basoaren arnasa izango da lasaitzera bultzatuko zaituen soinu bakarra.

Mendi eta basoen xuxurla hori jakin behar da ulertzen eta gozatzen, agian, urteen poderioz, berezko murmurazio hori, behinola jatorrizkoa eta bakarra zena, industrializazio moderno krudelenak jango baitu osoki.

Hala da, biodibertsitateak sortzen duen soinua aldatzen ari da. Horixe irakurri nuen joan den astean itsasoak duen soinuari dagokionean. Zientzialariek diote ozeanoaren soinua aldatzen ari dela gizakiaren erruz (nola ez!). Denok dakigu zein garrantzizkoa den ur azpiko soinu horiek bertan bizi diren ekosistema guztientzat. Bada, hori ere kaltetzen ari gara tai gabe, bertan sortzen ari garen kutsadura akustikoaren bidez. Baleek kantatzen dute komunikatzeko, eta solasaldi horietan erabakitzen dute norekin maitemindu, eta abar. Bada, itsaso azpiko bizilagun bakoitzak berdin egiten du. Baina orain antropozenoa zedarritu dugu, eta garai horrek bere frekuentzia suntsigarria zabalduko du, eta hango bizitza desorientatuko da. Geu bezala.