itz astun samarra, errespetua ematen duena. Titular hutsezko argudioak eraikitzeko ohiturak harrapatuta gauzkan garai honetan, derrigortasuna eta txertoa berbak bateratuta dabiltza iritzi-emaileen arteko eztabaidetan zein komunikabideetan. Eta ez da erraza erabakitzea herritar guztiak -edo batzuk- txertoa hartzera behartzea zilegi den ala ez; egia esan, pandemia/sindemia sasoian apenas dagoen erabaki errazik, asko eta larriak baitira arazoak eta erabaki beharrak.

Halere, honez gero gauza batzuk ikasiak ditugu, beste batzuk ilunpean jarraitzen duten arren. Badakigu txertoak babesten gaituena eta ingurua babesten laguntzen diguna; immunizazioa ez dela %100ekoa eta gainera pertsonarik zaurgarrienen immunizazio-maila jaisten doana txertaketa osteko hilabeteotan; txertoa jaso ezin duten pertsonak daudena, osasun arrazoiak tarteko eta, besterik barik, txertatzeari uko egin dioten herritarrak, temati jarraitzen dutenak jarrera horretan.

Euskal Autonomia Erkidegoan -eta Euskal Herri osoan- oso gutxi dira txertoaren uka-tzaileak, datuek erakusten dutenez. Erabaki horrek oinarrizko eskubidea du oinarri, hiritar gehienontzat ulertezina bada ere aurrez aurre egiten duelako talka gizarte osoaren osasun eskubidearekin.

Erakundeen ardura da herritar guztion eskubide demokratikoen alde jardutea. Baina batzuenak eta besteenak talkan daudenean erabaki behar da zein den lehentasuna, zein den lehenetsi behar den ondarea, kasu honetan eskubidea. Gizarte demokratikoetan argi dago: eskubide kolektiboa -osasun publikoa- da babestu behar dena, norbanakoarenaren gainetik. Hau argi izanda, arazoaren dimentsioak erakutsi dezake ondorioetarako bidea. Gorde daitezke eskubide biak? Lehentasuna argi dagoelarik, gaiaren dimentsioak laguntzen al du horretarako?

Arazoa sakonki hausnartuz, galdera hauek edo behar direnak egin eta erantzunez bilatu behar dira soluziorik justuenak, jakinda, hori bai, legez behartzearen aukera hor dagoela lehentasunez gorde behar den eskubidea zaintzeko azken aukera denean.