ende andana atera da kalera egunotan. Beharrezkoak diren aldarrikapenak askoren ahotan, beste batzuen eztarrietan gorrotoaren karkaxa nazkagarria. Arrasaten bildu ziren ultraeskuinaren amorante zaharkitu guztiak, Euskal Herritik kanpo etorriak, bazterrak nahasteko pretentsio lotsagarriarekin.

Politikatik at antolatutako kontzentrazio batean elkartu ziren probokazioa eta biktimismoa bila-tzen zituztenak. Hala egiten dute beti, eta Euskal Herria izaten da helburu. Hemen elkarbizitza susta-tzen den bitartean, eurek mehatxuak, ideario faxistaren zabalkundea, gorrotoa eta desoreka bilatzen dituzte, lupetzan askoz hobeto mugitzen baitira mota horretako animaliak.

Antzeko irudiak, baino askoz ere bortitzagoak ikusi nituen telebistan, faxistek Madrilen antolaturiko beste martxa grutesko batean, non homofoboek homosexualen kontrako oihu onartezin lotsagarrizkoak aireratu zituzten.

Nork baimendu zuen mota hartako manifestazio bat, LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako erasoak gero eta sarriagoak diren garai hauetan? Beharrezkoa da salatzea gisa horretako irtenaldiak, batez ere Kongresuko alderdi politiko batzuetako bozeramaleek babesten badituzte. Horietariko batzuen pulpitutik gorrotoa hedatzen baita sistematikoki, duten ozpin eta eden guztiarekin mehatxu jasanezinak normalizatuz.

Eta beste aldetik, zergatik ez zituen poliziak sakabanatu? Poliziak Samuelen heriotza deitoratu zuten lagunak jipoitu zituen, eta faxismoaren aldeko manifako elementuak babestu zituen. Agian, ezagunak ziren.

Gaur LGTBIQ+ kolektiboko kideak dira, edo paperik gabeko etorkinak, edota kostaldera heltzen diren migranteak, edo aldizkari batean karikaturak egiten dituztenak, baina etorkizunean euren hitzaldi sutsu ilunak eta euren politika gezurrezkoa kritikatzen dituztenak ere jomugan izango dituzte.

Intolerantzia osoarekin atera dira izkutaturik zeuden zuloetatik, ezberdina denari betortzak erakusteko eta kikilarazteko. Homofobian, xenofobian eta arrazismoan orrazten dira egunero, eta orrazkera horiek ez dira batere demokratikoak.