tzo

Euskarak, bada, United in Diversity horren baitan, bere burua beste hizkuntzen eta beste herrien parekoago dakusa. Euskarari ate bat irekitzen zaio, Espainian eta Frantzian lortu ez duen aitortza, Europan jasotzeko. Zeren eta identitatea, bere burua autodefinitzen duen kolektibo bat da, zeinak, aldi berean, besteen aitortua behar duen. Eta kakoa horixe da: gure nortasuna aitortuko duen hori nor izango den.

Leiho interesgarri bat irekitzen zaio euskarari eta euskal kulturari NOR den erakusteko eta erakustaldi hori ondo eginez gero, aipatu aitortza lortzeko. Horretarako, lehenbizi, etxean, euskara gure herriaren balioetako bat dela aitortu beharko diogu geure buruari, eta herri bezala daukagun markaren elementuetako bat. Onartu beharko dugu baita ere, NOR garen adierazteko, diskurtso bateratu bat eraiki beharko dugula; eta pentsatu beharko dugu, euskarak eta euskal kulturak Europan zer funtzio bete dezaketen, hain zuzen ere, europar nortasuna indartzeko.

Ziur nago, europar nortasuna indartzeko gure funtzioa zein den zehazten dugunean, aisa etorriko zaigula merezi dugun aitortza hori. Eta zein izan daitekeen funtzio hori? Erakuts dezagun Europarentzako interesgarriak diren gaietan erreferenteak garela. Adibidez, erreferenteak garela euskara integrazio sozialerako elementu gisa erabiltzen, edo eremu urriko hizkuntza biziberritzeko politiken kudeaketan, edo kontsumitzaileen eskubideak bermatzen, edota hiru hizkuntza irakasten dituen hezkuntza sistemarik eraginkorrena dugula... Ideia batzuk besterik ez dira, lanean hasteko, Europaren aitortza erdieste bidean.