asteon jakin dugu Gipuzkoako gotzaina Espainiara destinatu duela aita sainduak. Ez dirudi Gipuzkoako elizarentzat erabaki traumatikoa izan denik.

Oso gai kuttuna izan du beti homosexualitatearena. Egiari zor, eliza katolikoa bera da zenbait hamarkadako atzerapena daramana, behin behar eta.

Frantzisko aita sainduak 2013an esana da: “Pertsona bat homosexuala bada, Jainkoa bilatzen badu eta borondate onekoa bada, nor naiz ni hura epaitzeko?”.

Ez, aita saindua ez da inor homosexualak epaitzeko, ezta Jainkoa bilatzen ez dutenak ere.

Eta nor balitz ere, ez du beharleku makala elizaren baitakoak epaitzen. Munillak, ostera, epaitu bakarrik ez, gaixotzat jo izan ditu. Eta sendatu!

“Kategoria politizatuetatik eliza katolikoa ulertzeko ezgaitasuna dago”. Munillarena da gogoeta. Kategoria politizatu batzuekiko konexio onik ez du izan Orihuela-Alakanteko gotzain berriak.

Aldiz, aparteko elektrizitatea sortzen zen Jaime Mayor Orejarekin edo Hermann Tertschekin eleketatzen zenean.

Kategoria politizatu horiekiko tratuan oso eroso sentitu izan da. Eta badoa Munilla, gaixo berrien bila.

Oinatz Bengoetxea laster joanen da, hemeretzi urtez pilotalekuetan magia egin ondoren. Garai bateko txispa joana duelarik eman du erakustaldirik behinena: bidegabe kanporatutako lankideekiko eskuzabaltasun ariketa.

Eta ezin gaurkoa amaitu Allade Socarros zuberotar adiskide maitea aipatu gabe.

Euskalgintzan aurkitu dudan bidelagunik maiteenetakoa izan da, argia bezain zinezkoa. Ez adiorik, adiskide.

Egin duenaren eta izan denaren araberako hutsunea edo poza uzten du doanak.