Zirrikituetatik begira

Ilusioen katea

31.12.2021 | 00:50
Ilusioen katea

Zalantzak izan ditut, izan ere, izenburua erabakitzean, nola hala, ilusioen katea edo kateen ilusioa aukeratzean. Zeren azken finean antzeko zerbaiten gogoeten konklusio bera dira biak eta. Egia, kate asko dira, daude, ditugu, gehiegi agian, geure bizitze propiotan, ezberdinak beti, loretsuak, ilunak, kontrajarriak, pozgarriak, alaiak, tristeak ere, eta hori ume, nerabe, gaztetxo, heldu nagusi eta aitontzean.

Ilusioak baita ere, zorionez, asko dira, ditugu, alajaina, geure egunerokotasunean.

Ilusioak dira hain zuzen, benetan, sostengu eta zutabe gure bizitzako adin guztietan. Ilusioak askotan gure herri eta hirietako kaleetan islatu eta gorpuzten dira ispilu maltzur goxo eta salagarri gisa. Ume, eta ez hain ume (zeren guztiok ditugun urteak ditugula, dugun adina dugula ume helduak baikara, eta nork ukatu baieztapen hau) kaleetan ospatzen diren hainbat ospakizunetan, eta hauekin, bai gozatzen dugula, ondo gozatu ere. Olen-tzero eta erregeen desfileek sortzen duten begirada xamur eta barnekoiak geure bizitzaren zati ukaezinak dira.

Umeak ginenean, umeak ginelako. Gazteak ginean gure adintxoak erakusten zigulako era berean umeen begirada inozentearen edertasun erakargarria. Helduak izatean geure seme-alaben ilusioa bera geurea zen. Konplizitatea. Aitontzean, aguretzean, geure biloben ilusio beraren jabe ginela susmatzen dugu. Olentzero eta Erregeak kalean ikustean geure umetasuna datorkigu senera hain zuzen.

Eta Donostian, hain zuzen, dugu ilusio kate honen adierazgarri nabarmenetako bat. Jakin badakigu jadanik, Olentzero kaleetan zehar ikusi ahal izan dugula, baina auskalo Erregeen kabalgata eta Danborrada. Gaur arratsaldean nire bi biloben eskolako Danborrada saio trebatzea hunkituta ikusi ahal izan dut, ilusioz beteta, aurpegiak pozaren pozez danborrada kaleratzea posible izango zutenaren isla nabarmenduz. Aitonaren ilusioa eta beraiena bat. Ilusioen katea irauteak etorkizunaren bermea zaigu. Uste dut.

Más información

noticias de noticiasdenavarra