ristina Castaño espainiar aktore ezaguna (La que se avecina...) ageri da kamera aurrean hizketan. Txikitan bizi izandako infernua kontatzen ari da eta oso erasana dagoela dirudi: "Abenduaren 25. egun batez iritsi nintzen nire familiara, eguberri egunez, urteko egunik politenean, eta oso zoriontsu egin nuen familia. Elkarrekin geundenean dena sinestezina zen... bederatzi urte nituela nire bizitzatik banantzea erabaki zuten arte. Eta nire historia guztiz aldatu zen. Geroztik ez dut familia baten berorik bizi izan. Bakarrik utzi ninduten, abandonatu egin ninduten. Laster etorriko zirela esan zidaten, baina ez ziren inoiz itzuli. Eta ni beraiez oroitzen naiz, autoan alde egiten ikusi izanaz, atzera begiratu ere egin gabe. Eta irudi hori oroimenean grabatua dut. Inoiz ez dut jakin zergatik utzi ninduten han, zergatik ez zuten nahi ni beren ondoan egotea. Arraroa da, baina neure familiak abandonatu ninduen. Gehien maite dituzun pertsonek bazter-tzen zaituztenean sentitzen duzun mina esplikaezina da". Hor kitto esan, grabaketa etentzat eman eta galdezka hasi da: "Barkatu, hau benetako istorioa al da? Ezin dut ulertu norbaitek nola abandona dezakeen bere familiako norbait horrela...". Une horretan istorio lazgarri horren protagonista ezagutzeko aukera eman diote, eta Cristinak baietz eran-tzun du. Luna izeneko txakur bat agertu da orduan, izu antzean. Bihotza uzkurtuta izan dut Espainiako Gobernuaren publizitate kanpaina bat dela ohartu naizen arte. Eta ondoren ere bai.

Argentinan bertako bikote gazte bat izan zen albiste duela urtebete, Ginea Bissautik adoptaturiko sei urteko bi neba-arreba abandonatu baitzituzten.

Besotik hartu eta haurrei begietara begiratu ere egin gabe erakunde publiko baten egoitzan utzi zituzten, paketeak balira bezala; eta desagertu egin ziren, baita sare sozialetatik ere. Haurrei kosta egingo zaie haiek eragindako orbainak ezabatzea.

Gutxi batzuk bihurtzen dira albiste, baina familia askok abandonatzen dituzten kideak; adoptatuak, harrerakoak zein biologikoak. Argentinan bezala hemen.