gun hauetan aspaldiko gertaera interesagarriak berreskuratzeko aukera izan dut. Euretako bat, Bizkaian kultura sortu eta hedatzen dakiten lagun-mordoarekin topaketa. Aspaldiko kontuak gogoratu ez eze, aurrera begirako erronkak eta kezkak ere izan ditugu solasgai, ondo baitakigu ziurgabetasunez beteriko munduan bizi garena. Bilkuraren helburua, Carmelo Etxenagusia izena daramaten Ohorezko Aipamenak ospatzea.

Bizkaiko gotzain laguntzailea izan zen Carmelo eta, horrezaz gain, pertsona ezaguna eta estimatua gure euskal mundu (ez hain) txikian. Labayru Ikastegiko maisutza lanetan ezagutu nuen Dialektologia irakasle, gai hori zer zenik ere ez nekien sasoian. Baina, hara non, bertan ikasi nuen, esaterako, Xiberuko behatu eta Euskal Herriko beste muturrean dagoen Ondarroako berba bera esangura bertsukoak zirela. Euskalkidunon lotsaria nabarmena zen garaian Labayrun ikasi genuen orduko gazteok etxetik generaman euskara estimatzen.

Asko ginen geure hizkuntzan analfabetoak, unibertsitate ikasketak eginak eduki arren. Egoera hartan ezin egokiagoa, beraz, Labayruko goiburua, dakigunetik ez dakigunera. Adiera eta interpretazio bat baino gehiago izan zuen lelo iradoki- tzaile hark; ahozkotik idatzira edota bizkaieratik batura, esaterako. Helburu egokiak denak XX. mendeko 60-70 hamarkadetan euskarak eta euskal kulturak bizi zuten egoera kritikoa gainditu eta biziberritze bidean jar-tzeko.

Carmelo Etxenagusiak ez zuen bakarrik jardun. Lankide eta lagun saiatuak izan zituen alboan. Bizkaiko euskaldunon belaunaldi osoak diogu zor Labayruri gure euskara jaso bidean jartzeko aukera eskaini izana, euskal literatura bazela sinistaraztea eta, azken batean, geu ere baginela nor barneratzen laguntzea. Labayru Ikastegia zena izen bereko Fundazioa da gaur eta bere web-orrialdea, harribitxi bat (www.labayru.eus). Laburbilduz, funtsezko erakundea da, kalitatezko lan akademikoa hedatzen dakiena eta, herritarrengandik hurbil, bere merezimenduz erreferentziazkoa bilakatu dena.