gian Ukrainako gerra hasi da zutabe hau irakurtzen ari zaretenean, asteazkenean, edo aste honetako edozein egunetan, hasiko zela iragarri baitute estatubatuarrek. Espero dut ezetz. Espero dut atzerri ministroak, negoziatzaileak eta mandatariak joan-etorrian ibiliko direla oraindik Moskutik Berlinera edo Parisetik Kievera, mahai luze edo txikietan, azken egunetan alarma guztiak piztu badira ere. Edo piztu badituzte ere. Badirudi jende askori interesatzen zaiola gerraren beldurra, edo gerra bera, sortzea. Eta ez naiz politikariez edo militarrez bakarrik mintzatzen ari. Espainiako telebista batean lan egiten duen kazetari ospetsu horietako bat, kazetaritza gehiago behin eta berriz eskatzen duena, gerraren egarri dela ematen du askotan. Gauza bera gertatzen da tertulietan parte hartzen dituzten aditu (aditu edo) batzuekin. Gerra ona izango da ikusleria handitzeko.

Jakina, ia hedabide guztietan esaten digute nortzuk diren gaiztoak kontu honetan, Errusia eta Putin, eta nortzuk diren onak, gu, zalantzarik ez, nortzuk diren gu horiek argi ez badago ere: Estatu Batuak? NATO? Europako Batasuna? Ukraina? Beste gutxi batzuek, aldiz, oraingo Errusia proletarioen aberria dela uste dutenek, batez ere, kontrakoa esaten digute. Onak (edo gaiztoak) eskandalizatua daude Errusiak soldaduak eta abar Ukrainatik gertu dituelako, eta gaiztoak (edo onak) eskandalizatuta daude NATOk soldaduak Ukrainatik gertu jarri dituelako. Onak eta gaiztoak bandera faltsupeko ekintza militarren beldur dira, horixe izan baitaiteke gerra hasteko seinalea edo aitzakia, historian askotan gertatu den bezala. Propaganda eta gezurren artean zaila da jakitea nola dagoen benetan egoera, baina badakigu nolakoak izaten diren Estatu Batuek hasten dituzten gerrak.

Gerra pizten bada, bonbak ez dira gure etxeetaraino iritsiko, gure hiriak ez dira desagertuko, gu ez gara hilko, baina inozokeria galanta izango litzateke pentsa-tzea Ukrainako balizko gerra horrek ez duela gugan inolako eraginik izango. Nolanahi ere, hiltzea, herrialdetik alde egitea eta gasa, gasolina eta abar garestiago ordaintzea ez dira gauza bera, ez.