so lotsatia izan naiz txikitatik. Gogoan dut amak beti agintzen zidala burua altxatzeko norbaitekin topo egiten genuenean eta hitz egitera gelditzen zenean, edo argazki bat atera behar zidatenean. Altxa buru hori, esaten zidan, eta ni, begiak lurretik altxatu ezinik, lurraren nukleorantz erakarpen jasanezin bat sentituz... Izutu egiten ninduen jendeari aurpegira begiratzeak.

Suposatzen dut guztiok eusten diogula modu batera ala bestera txikitan izan ginenaren esentziari, eta, ondorioz, lotsati izatearena nire nortasunaren ezaugarrietako bat da oraindik ere,

baina, urteekin, tuneatu egiten gara, pixka bat mozorrotu, eta elkarrekin bizitzen laguntzen diguten tresnak eskuratzen goaz.

Horrela, denborarekin jendeari begietara begiratzen ikasi dut, eta konturatu naiz mundua erabat aldatzen dela horretarako gai zarenean. Izan ere, norbaiti begietara begiratu gabe hitz egiten duzunean, pertsona horri buruz buruan duzun irudiarekin hitz egiten duzu; laster haserretzen den pertsona dela uste baduzu, adibidez, esango duzunagatik haserretuko dela pentsa-tzen duzu. Baina pertsonei begietara begiratzen diezunean, dena aldatzen da.

Haien begiradek mundu berri batera sartzeko baimena ematen digute, pertsona bakoitzaren esentziara eta haren egiara heltzeko aukera. Eta agian gauza bat esaten ari zaigu, baina bere begiei begiratzean beste bat esan nahi digula konturatu gaitezke.

Jendeari begietara begiratzea ezinbesteko baldintza da elkarbizitzarako, jendea barrutik ikusteko aukera ematen digulako. Begiek ez dute gezur askorik esaten. Beraz, hemendik aurrera, saiatuko naiz erabakirik ez hartzen, ezer ez esaten, aurrez aurre dudan pertsonaren begietatik haren barrura sartzeko ahalegina egin arte.

Baliteke, haren begietara begira, beste pertsona bat ikustea, egiazkoa, bere azaleko itxuraren atzean ezkutatzen dena. Edonork nire begietan begiak lurretik altxatzea lortzen ez zuen neskatoa ikus dezakeen bezala.