aguntza eskaini diot lagun bati. Ezin diodala lagundu erantzun dit. Dioenez, duen arazoa berea da bakarrik, ez du inorekin zerikusirik, bere buruan gertatzen da soilik. Ez da erraza lagun baten ahotik hori entzutea, zure ahalegin guztiak alferrikakoak direla sentitzea. Hala ere, oker dagoela esatera ausartu naiz. Ez dagoela berea bakarrik den ezer, ez arazorik, ez gaixotasunik, ez gatazkarik. Ez dela bakarrik bizi mundu honetan eta egiten dituen edo egiten ez dituen gauza guztiek bere ondorioak dituztela bere inguruko pertsonengan.

Ohikoa da horrela pentsatzea. Gertatzen zaiguna, ona edo txarra izan, norberari dagokiola bakarrik eta norberak bakarrik egin behar diola aurre. Ez dago ezer, ordea, banaka bakarrik gertatzen zaigunik, nahiz eta sentsazio hori izan askotan. Bizitzak poz handia ematen badigu, poz hori ez da gurea bakarrik izango, gure senideengana, lagunengana, lankideengana, ukitzen gaituzten pertsona guztiengana zabaltzen baita. Triste bagaude, amorruak barrutik erretzen bagaitu, haiengana ere zabalduko dira gure bibrazio ezkor guztiak. Negatibotasuna partekatua izango da.

Ez dago ezer zuri bakarrik gertatzen zaizunik. Pita hari ikusezin batek lotzen gaitu. Erabat autonomoak ematen dugu, baina nahikoa da beso bat altxa-tzea ondoan dugun pertsonari hanka bat altxatzeko. Gure mugimendu bakoi-tzak eragina du besteengan.

Egunero jasotzen ditugu indibidualismoa indartzen duten mezuak eta ondorioz, kanpoko taupadetatik isolatutako kabina indibidualetan bizi garela pentsatzera iritsi gara. Baina ez. Etengabe sentitzen ditugu ingurukoen taupadak. Eta gertu dugun norbaiten jarrerak eguna alda diezaguke.

Beraz, une batez haren alde ezin dudala ezer egin pentsatzera heldu banaiz ere, azkenean erabaki dut lagunaren alboan geratzea, isilik, ezer esan gabe. Nire hi-tzek ez diote lagunduko, baina ziur nago uneren batean hautemango dituela nire taupadak.