z daukat erantzunik nire alabak egunotan egiten dizkidan galderentzat. Ez dakit zer esan. Hamaika urte ditu eta Ukraniako gerraz entzuten ditudan iritzietatik zen-tzuzkoenak iruditzen zaizkit bereak, eta gogorrenak, ez baitakit zer erantzun. "Ama, baina ezin dute hitz egin?", galdetu dit, begiak zabal-zabalik, Ukraniako zibilak euren hiri eta herrietatik izututa ihes egiten ikusten ditugun bitartean.

Mundu hau zoratuta dagoela esango nioke, nik ere ez dudala ulertzen nola ez duen munduak sarraski hau gelditzen, planetan zehar gertatzen diren beste hainbat sarraski gelditzen ez dituen modura. Zer pentsatuko genuke Mariupol hiria Bilbo balitz, edo Gasteiz edo Durango eta munduak eraso horiek geldiaraziko ez balitu? Zer motatako haserrea sentituko genuke bere etxetik gurpildun aulki batean ateratzen ari diren andre nagusi hori gure ama balitz eta mundu guztiak ikusiko balu telebistan, gupida sentituz baina ezer egin gabe? Zer nolako mundutan bizi gara? Zer nolako mundua eraiki dugu? Alabak erantzunak nahi ditu eta nik galderak baino ez ditut buruan. Eta ez dakit zer erantzun.

Eta Ukranian hau guztia gertatzen den bitartean, gertuago, Gaztela eta Leonen, alderdi ultraeskuindar eta giza eskubideen aurkako bat Gobernura heldu da. Eta nik orduan, ume bat izan nahi dut, beharra baitut heldu bati galdetzeko ea nola den posible normaltasunez estaltzea giza eskubideen aurkako halako atzerapauso eskandalagarri bat. Nola den posible, besteak beste, emakumeen kontrako indarkeria existitzen dela ukatzen duen alderdi batek boterea izatea, diru publikoa kudeatzea. Baina ez naiz umea, askotan barrutik hala sentitzen banaiz ere, eta ez daukat nori galdetu.

Ez daukat erantzunik nire alabak egiten dizkidan galderentzat. Are gehiago, ditudan galdera guztiak hamaika urteko ume baten burutik pasatzen diren galderen antz handia dute: Baina ezin da ezer egin? Ez dago erreakzionatzerik? Baina, ze mundutan bizi gara?