Pasa den ikasturtean formakuntza instituzionalaren barne “Hemoherramientas” formakuntza jaso genuen irakasleok, Montse Vila Plaren eskutik. Azken urteetan formakuntzan egindako ibilbidearen jarraipena izan zen: Laguntza programaren proiektu pilotoan parte hartzen hasi ginen lehen urtean eta ondorengoetan Diziplina Positiboaren (DP) filosofian sakondu genuen. Emotresnak, ikasleen garapen sozioemozionalerako baliabide eta tresna desberdinak dira. Alegia, bizitzarako eta bizitzeko trebetasun desberdinak ezagutarazteko aproposak dira.

Horri guztiari esker, geletan pixkanaka pixkanaka hainbat jarduera eta dinamika desberdin txertatzen hasi ginen. DP-aren jarraibideak aintzat hartu eta gelako bilerak egiten hasi ginen ikasleekin. Elkarrizketaren bidez, ikasleek gertaera desberdinak planifikatzen dituzte (arauak, ondorioak, egunerokoan sortzen diren arazo desberdinen aurrean nola erantzun), norberaren eta besteen ekarpenak aitortuz, laguntza eskainiz eta elkar errespetatuz. Ekologia Emozionaleko eta Carmen Boqué-ren maletinek eskaintzen dituzten dinamikak txertatzen joan ginen, hiruhileko bakoitzean aurrera eramateko egokienak hautatuz. Hauen bitartez, hiru eremu nagusietako lanketa sustatu nahi dugu: harremana nirekin, besteekin eta inguratzen gaituen ekosistema edo munduarekin.

Emotresnen erabilera bost eremu desberdinetako lanketara zabaltzen da: beharrak ezagutu eta ezagutza ematen dutenak, ikasleei auto erregulazioa zer den irakasten dietenak, balore desberdinak lantzekoak, mugimendua sortzen dutenak eta lasaitasun giroa sortzeko baliagarriak direnak. Ezagutza eta material guzti hori antolatzeko grina sortu zitzaigun. Informazioa antolatu eta ikastetxearen azken urteetako ibilbidearen emaitza ziren errekurtso nagusienak bilduko lituzkeen kutxa batean amesten hasi ginen. Horrela sortu zen “Emotresnen kutxa”. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiengan pentsatuz sortutako errekurtso bilduma bat da kutxa.

Bertan aurki daitezkeen errekurtso nagusiak hauek dira: makiltxoak edo “baritak”, lasaitasunaren gurpila deituriko dinamika burutzeko beharrezko material desberdina (bost zentzumenak aktibatzeko baliogarria dena), motibazioa lantzeko mezuak txarteltxo batzuetan bilduak, “aukeren potea” deituriko dinamika burutzeko makiltxoak (depresoreak), gelako bilerak burutzeko “gelako bileren koadernoa” deituriko liburuxka eta banilla esentzia geletan difusore aromatikoan jarri ahal izateko. Guzti honekin batera, irakasleen eskura argibide guztiak biltzen dituzten azalpen txostenak sortu ditugu, genuen informazio guztia euskaratuz eta ikastetxeko errealitatera egokituz. Alde batetik, emotresnen gida propio bat sortu dugu irakasleentzat eta bestetik, ongizate emozionaleko dinamiken azalpena eta hauek burutzeko denboralizazio taula baten proposamena. Gainera, Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzako lehen ziklorako euskarazko “emozioen egutegia” deiturikoa sartu dugu kutxan.

Gelako eguneroko bizitza aberastera dator kutxa honetan gordetako dena. Autoezagutza, entzute aktiboa, berdinen arteko errespetua, gatazken konponbiderako elkarrizketa eta arau adostuak oinarri izatea, talde kohesioa eta talde izaeraren jabetza, konfiantza eta segurtasun giroa sortzea bezalako helburuak garatzeko lagungarri zaizkigu.