Ikastolen Elkartean kezka hau aspaldian mahai gainean jarri zen eta Hizkuntza Proiektuaren gaia erdigunera ekarri zen zenbakiek argi erakusten zutelako eta dutelako: Euskararen erabileran ematen ari zen beherakadan indarrez eragiteko momentua zen. Gaia beti izan da ikastolon ardatz, baina gizarteak bizi duen momentua ikusirik, eskuhartze indartsugo baten beharra antzeman zen. Hori dela eta, iada 2018an, HUHEZIrekin batera euskararen erabileran eta kalitatean eragiteko helburua duen ERAGIN egitasmoa martxan jarri zen.

Pilotajean 13 ikastolok parte hartu genuen eta tartean, Iñigo Aritza Ikatola. Bertan parte hartutako ikastolok argi ikusten genuen hizkuntzatik eratorriko zela ondoren hezkuntza eta hortaz, ezinbestean ikasleen euskararen erabileran eragin beharra genuela; horretarako, lehendabizi, gure jardunaren inguruan hausnartzea izan zen gakoa, eta elkarrekintza sustatzeko estrategiak eta planteamenduak diseinatzen hasi ginen. Ibilbidea ez da bukatu eta oraindik, Iñigo Aritza Ikastolan ERAGINen lanketa eta hausnarketa espazioak martxan ditugu bidea elkarrekin eraikitzen baikabiltza ikastola osatzen dugun irakasle guztion metodologia bateratze aldera, hizkuntzarekiko ikuspegia modu berean lantzeko eta Iñigo Aritza Ikastolako kultura sortzeko.

Gizarte mailako kezka horietatik abiatuta, gure helburu estrategikoa hizkuntzaren erabileran eta ezagutzan eragitea da. Erabileran eragiteko bidearen urratsak diseinatuak ditugu, baina aldi berean, ezagutzan eragiteko helburu irmotik abiatuta, ulermenean sakontzea ezinbestekotzat jo dugu. Aipatu bezala, helburu horiek guztiak gure Hezkuntza eta Hizkuntza Proiektuetako Plan Estrategikoetan txertatu ditugu, eta helburuak lortze aldera, lehen pausua klaustro mailako formazio trinkoa eskaintzea zela baloratu zuen Zuzendaritza Taldeak. Honela, HUHEZIko prestakuntza atalarekin lankidetzan jarraitu genuen ikastola mailako formakuntza bideratzeko helburuarekin.

Iñigo Aritza Ikastolako klaustrora begirako hiru urteko formakuntza batean murgilduta gabiltza 2021etik. Lanketa klaustro mailan, etapaka eta departamentuka gauzatzen gabiltza hizkuntzatik abiatuta zientzia zein letra arloko ikasgaietako ulermen estrategietan sakontzeko. Horretarako, berriro ere, gure jardunari begira jarri gara diseinu zehatzak eginez, gelaratzeak grabatuz eta horiek adituekin konfrontatuz. Lan horrek guztiak gure ikasleen ulermenean eragiteko helburua du ikasleek haien hezkuntza prozesuan garapen sakonena izan dezaten.

Baina gela barruan eragiteaz gain, gelaz kanpoko eremuetan ere erronkak baditugu. Ikastolen Elkarteko Zirimola aisialdi taldeak gure irteera profila aintzat hartzen duen eta aisialdi hezitzailea oinarri duen aisialdiaren marko pedagogikoa jaso du. Aisialdi eredu honetan, hezkuntzan bezalaxe, ikaslea erdigunean jartzen da, haien ongizate emozionala bermatuz eta ikasleen interesa eta beharrak asetzeko kalitatezko aisialdirako momentuak eskainiz. Marko horrek guztiak, aldi berean, hizkuntzaren erabilera gozamenetik eta atxikimendutik areagotzea helburu du gure hezkuntza proiektuaren hizkuntzaren trataera integralaren ildoak eta begirada jarraituz.

Iñigo Aritza Ikastolan, aipatutako markoak gure ikasleen garapen pertsonal nahiz konpetentzialetan duen garrantziaz kontziente, marko horren begirada eta teorizazioa geure egiten ari gara formazio jarraiaren bitartez. Aitzitik, teoriatik praktikara jauzi egiteko pausuak ematen ari gara.

Hartara, gure eskolaz kanpokoen (arratsaldeetako eskaintza) diseinuak, gelaz kanpoko ekintzak (atsedenaldiak, txangoak …) eta baita egonaldiak marko horren baitan aurrikusten eta planifikatzen hasiak gara. Horretaz gain, HIZPROKO artezkaritza batzordearekin batera, hasiak gara aisialdia euskalduntzeko begirada horretatik lanean. Horren adibide izan dira euskararen egunean haur, gazte eta familientzat antolatutako jolasak eta Zinema Euskaraz egitasmoak, besteak beste.

Norabide beretik heldu da Aisiolarekin batera (EHIEko begirale eskola), gure ikastolako ikasle ohiei zuzendutako, baina herriari ere zabaldutako aisialdiko begirale titulua ikastolan bertan ateratzeko eskaintza.

Ikasleen ekosistema guztia elikatzeko konpromisoa dugu Iñigo Aritza Ikastolan eta argi dugu euskara eta euskal kulturaren transmisiorako gakoa familia eta irakasleen arteko lankidetza dela. Eta komunitate moduan, horretan dihardugu gela barruan zein kanpoan, gure ikasleak euskaldun konprometituak izatea baitugu jomuga.