Literaturak baditu urteko egutegian markatu beharreko data batzuk eta gaurkoa, hain zuzen ere, horietako bat da. Libururaren Nazioarteko Egunaren aitzakian, San Jurgiren izenean, Nafarroako liburu-dendek eta argitaletxeek ere euren uztako ale honenak aterako dituzte kaleetara. Karmele Jaioren Maitasun kapitala izanen da horietako bat, 2023an argitaratutako euskarazko libururik aipatuenetako bat, irakurle zein literatura adituen aldetik harrera ezin hobea izan duen eleberria. Maitasun istorio bat baino, maitasuna disekzionatzen duen eleberria da Jaiorena, emakume gisa gizarteratuak direnak harreman sexu-afektiboetan dituzten min eta kontraesanetan murgiltzen den kontakizuna.

Intimitatean gertatzen zaizkigun indarkeria egoerak identifikatzea oraindik kostatzen zaigu?

Guztiz. Nik uste dut maitasuna gertatzen den eremu hori oso intimoa eta norberarena dela, eta zuri gertatzen zaizuna zuri bakarrik gertatzen zaizula uste duzu, zuk gidatzen duzula edo zure gauza intimo bat dela. Baina maitasuna sentimendu sozial bat da, ikasitako zerbait. Horregatik oso zaila da batzuetan gauzetaz konturatzea. Oso lagungarria dira feminismoak eman dizkigun hitzak. Eremu intimo horretan fikzioak ere, feminismoak bezala, gertatzen zaiguna identifikatzen laguntzen duela uste dut. Batzuetan, teorian dakizkigun gauza asko ispilu batean ikusten ditugun arte ez ditugu identifikatzen. Eleberri honetan kontraesanetean jarri nahi nuen arreta bereziki. Izan ere, emakumeok pausu asko eman ditugun arren, badago halako kutxa bat irekitzea beldur ematen diguna, bertan hainbat kontradikzio aurkituko ditugulakoan: sentitzen dugunaren eta merezi dugunaren artekoa, eta pentsatzen dugunaren eta sentitzen dugunaren artekoa.

Horixe gertatzen zaio Olgari, ezta? Bide bat egiten du kontraesan horietatik.

Bai, eta inportanteena da bide bat dela. Fase diferenteak ditu: haserrearena, gora-beherak, zulotik atera eta sartzearena… Prozesu bat da. Eta prozesu horretan berak zer izango du lagun? Batetik, teoriak eta pentsalari feministek izendatu dituzten gertakari horiek; eta, beste alde batetik, emakumeen arteko adiskidetasuna. Horregatik, liburu honetan beste maitasun horrek garrantzia handia hartzen du. Lagunen arteko maitasun hori klabea izango da intimotasun horretan gertatzen dena ulertzeko. Intimotasun hori medio, izan ere, emakume asko isolatuta gelditzen dira harremanetan eta isolatuta gelditze horrek leku zaurgarri batean jartzen ditu. Horregatik, miseria emozional guztiak konpartitzea garrantzitsua da, hortik ateratzeko eta sentitzen duzun hori soziala badela konturatzeko.

Olga emakume argia, independentea eta ahaldundua da. Zergatik jarri dizkiozu ezaugarri guzti hauek protagonistari?

Asmo argi batekin: kontradikzio horietan sakontzeko. Are mingarriagoa egiten da irakurlearentzat ikustea zer nolako emakumea den, zein garbi dituen gauza asko… Eta, hala ere, zulo beltz batean sartzen da. Emakume honek une jakin batean ez du ulertzen zer gertatzen ari zaion eta halako haserre batekin bizi du, ulertu ez arren kontziente delako gertatzen ari zaionaz. Hasieratik dena dira galderak: Zergatik, maitasunaren izenean, txiki sentitu da eta onartu du gaizki tratatua izatea? Nola da posible? Are errealagoa iruditzen zitzaidan horrelako pertsonaia bat izatea.

Eleberriaren abiapuntua eszena oso argigarri bat da: Olga, Martin maitalearen hiletan. Asmoen deklarazio bat?

Egia esan, nobela bat idazten dudanean beti irudi bat izaten dut hasieran. Irudi horretatik abiatzen naiz. Askotan ez daukat istoriorik, pertsonairik ez tramarik, baina irudia daukat. Eta hemen nahiko argi neukan irudi hori: hileta bat, emakume bat maitaleari galdezka bezala, jakinda ez diola erantzungo, erantzuna ez dagoela gizon horretan. Eta sinbolikoki ere, maitatzeko modu baten bukaera edo heriotza nahi hori dago. Egoera gaindituta duela uste duenean ere izango ditu bere gora-beherak.

Zulo beltz horretatik ateratzen hasten da hain zuzen une horretan.

Eleberri guztia lehen pertsonan kontatuta dago, baina badaude tarte bestelako tarteak ere. Alde batetik, Olgak Martini zuzenean hitz egiten dion pasarteak daude eta, bestetik, hirugarren pertsonan kontatuta deuden atalak. Alde hori markatu nahi izan dut. Alde batetik, haserrea pizten dion min bat dago, atzera begira kontatuta dagoena. Baina kontatu nahi nuen ere nola heldu den une horretara, nola gertatu den hori. Zein inertziek eraman dute horra? Nola maitemindu da? Nola engantxatu? Horregatik, harremanaren hasiera ere kontatu nahi nuen. Hor ikusten dena emakumeari pixka bat eman eta gero kendu egiten dion gizon bat da, joko-makina baten modukoak diren harreman horietako bat. Hori da adikzioa sortzen duena: zuk makinan bota eta bota ari zara, badakizulako uneren batean saria etorriko dela. Eta saria iristen da, baina gero txanponak sartu eta sartu jarraitu behar duzu, eta horrek xahutzen zaitu. Askotan ez dago saririk. Harreman horiek, makinek bezala, adikzioa sortzen dute.

Iragana bada gai bat oso garrantzitsua zure eleberrietan, orokorrean, baita kasu honetan ere.

Zerbait baldin bagara, iragana gara, bizitzan egin duguna eta gertatzen zaiguna. Gertatzen zaizkizun gauza guzti horiek zure izateko eta egiteko modua eraikitzen dute. Fikziozko pertsonaia bat eraikitzerakoan, oso garrantzitsua da bere iragana zein izan den jakitea. Batzuetan kontatuko duzu eta beste batzuetan ez, baina jakin, jakin beharra duzu. Zein heziketa emozional izan duen, zein haurtzaro, zer izan den garrantzitsua bere bizitzan… Horregatik, pertsonaia bat sortzen dudanean, pertsonaia hori ezagutzen eta ulertzen saiatzen naiz. Gustatzen ez zaizkion pertsonaiekin ere ahalegin hori egin behar du idazleak.

Martinekin egin behar izan duzu ahalegin hori?

Bai. Eta batzuk esan didate bigunegia izan naizela gizonarekin. Baina ez dut uste. Uste dut nire beharra dela pertsonaia hori ulertzea, jakitea zergatik egin duen egin duen hori. Kasu honetan, iraganean dago erantzuna. Beauvoirrek esaten bazuen emakumea egiten dela, gizona ere egiten da, eta heziketa zehatz bat jasotzen du. Pertsonaia horretan beldur bat ikusi dut, maitasunarekiko beldurra eta maitasunetik defenditzeko behar bat. Uste dut gizonei hori erakusten zaiela txikitatik, ahuldade bat aurkitu dezaketela maitasunean. Diskurtso hori hor dago eta pertsonaia honetan ikusi dut, beste gauza batzuen artean.

Maitasun hiruki batzuk aurkitzen ditugu eleberri honetan. Horien artean garrantzitsuena, emakumeen arteko hirukia: Olga, Laia eta Bakarneren artekoa.

Zalantzarik gabe. Maitasuna itsua izan daiteke, baina lagunak ez. Lagunak behar dituzu, kasu askotan esateko “Hau gertatzen ari zait”, baita entzun nahi ez dituzunak entzuteko ere. Oso argi nuen maitasun horrek eleberrian egon behar zuela. Ez nekien ongi nola eratuko zen hiruen arteko harreman hori, baina bai gakoa izango zela eleberrian. Emakumeei maitasun mota bat erakutsi digute baina beste maitatzeko modu horiek ere badaude, eta horiei ere begiratu nahi nien.