Urte eta erdi luze irauten duen auzolan erraldoia izan ohi da Nafarroa Oinez, besta antolatzearen ardura hartzen duen ikastolarentzat. Edizio honetan, Izaskun Errazkini egokitu zaio lehen lerroan egotea Andra Mari Ikastolako lehendakari den heinean, gogoz, ilusioz eta arduraz hartu duen kargua.

Urtebete igaro da Tafallako Ikastolaren eskutik Nafarroa Oinez besta antolatzeko ardura jaso zenutela eta iristear da eguna. Urte berezi hau jada igarota, zer nolako aldartearekin zaude orain?

–Egun nahasiak dira, batetik urduri gaude eta, bestetik, ilusioz. Urte eta erdi daramagu lanean, lan ikaragarria egin da batzordeetan, zorte handia izan dugu horrekin. Egun handia iritsi da eta urduritasuna bai, nekea ere tartea sumatzen da, baina ilusioa, egun handia iritsi delako.

Askok seguruenik ez dute jakinen zenbatekoa den horrelako besta egun baten eta haren eskutik datozen hamaika aktibitateen atzean dagoen antolakuntza lana. Zein da egiten duzun balorazioa?

–Balorazio ona, zalantzarik gabe. Urte bat beteko da Tafallan lekukoa hartu genuenetik eta segituan etorri ziren gure leloaren eta logoaren aurkezpen ekitaldia, jarraian etorri zen Arbizun gure komunitateari egin genion aurkezpena eta denda ireki genuen segituan, abenduko zubia baino lehen. Neguan herrietan talo postuak jarri genituen, herriz herri aritu gara horretan. Ondoren Artea Oinez erakusketa ireki genuen Iruñean eta Lakun-tzan. Hezkuntzari buruzko jardunaldiak egin genituen Aste Saindutik bueltan, eta herri txikietara Haurren Hiria eraman dugu, haurrentzako egindako jolastoki ekologikoak… Gauza asko dira, gauza txikiak baina aho-zapore ona uzten dituzten horietakoak. Gainera, aukera eman digute Oinez honekin markatu genituen helburuetako batzuk urte osoan zehar landu ahal izateko. Gure kasuan, batez ere arnasgunean indartzeari dagokionez genituen helburuetaz ari naiz.

Zalantzarik gabe ikastolako komunitatea osatzen duzuen guztiontzat urte berezia izaten ari da. Eta ikasleei dagokionez, zer moduz bizitzen ari dira beraiek guzti hau?

–Beraientzat berezia da. Nik 5, 7 eta 9 urte dituzten seme-alabak ditut. Beraientzat oso arrotza zen hau. Orain arte, Nafarroa Oinez egunera joaten ginen, eguna ospatzen genuen eta ezer gutxi gehiago. Baina aurten,Nafarroa Oinezen atzean dagoen lan ikaragarria ikusteko aukera izan dute. Umeendako polita da eta saiatzen gara beraiek ikustea horrelako bestek zenbat lan duten eta zein puntutaraino den garrantzitsua auzolana, ezinbestekoa dela gure ikastolan eta hori gabe ez luketela izanen gaur egun daukaten eraikina, adibidez.

Helburu zehatzak lortzeko bakarrik ez, haurrei baloreak transmititzeko tresna gisa ere balio du, beraz.

–Bai, hori da. Balio horiek gure seme-alabei erakustea polita dela uste dut. Beraiek ikustea helburu bat dagoenean, lana egin behar dela lortzeko eta denen artean egin dezakegula. Balio horiek transmititzeko oso esperientzia baliagarria da.

Argi dago auzolan hori komunitate oso batek garatzen duela. Zer nolakoa da Andra Mari Ikastolako komunitatea? Nola deskribatuko zenuke?

–Komunitate zabala da. Hamalau herriri ematen dio zerbitzua gure ikastolak, ez gara herri bakarrekoa. Etxarrin ditugu Lehen Hezkuntzakoa eta DBHko egoitzak, baina hamalau herriri ematen diogu zerbitzua, Hiriberritik hasi eta Iturmendira arte. Gaur egun 250 familia eta 400 ikasle inguru gara, 50 langilerekin batera. Badira ikastola handiagoak, baina ez gara txikiak ere. Nafarroa Oinezari begira, nahiz eta gehiengoa komunitate zehatz horretako kideok osatu dugun, guraso ohia eta ikasle ohi ba-tzuk ere batu dira, beraz, babes hori ere izan dugu urte osoan zehar.

Andra Mari Ikastolarentzat ez da lehenengo Nafarroa Oineza, laugarrena baizik. Esperientziak zuen alde jokatu duela esango zenuke?

–Bai. Badira familia asko 2009ko Oinezean dagoeneko ikastolako ibilbidean zeudenak, orduan seme-alaba txikiak zituztenak eta orain oraindik ikastolan daudena, akaso azken ikasturteetan. Beraz, badaude parte-hartzaile asko dagoeneko Oinez bat antolatzea zer zen ezagutzen zutenak. Zer esanik ez, Nafarroa Oinezeko koordinatzailearen papera dago, Oinez guztien antolakuntzan egon dena eta ezagutza guzti hori transmititzen duena. Bere papera ezinbestekoa da, urtetan pilatutako esperien-tzia transmititzen baitu. Bestalde, iaz Tafallako Ikastolako Oinezaren antolatzaileekin ere bildu ginen eta izugarri lagundu zigun horrek. Beraiek azaldu ziguten zer egin zuten, zer ez, zer atera zen ongi eta, batez ere, zerk ez zuen funtzionatu. Beraz, Nafarroa Oinez bat antolatzen duzunean ez zara inoiz zerotik hasten.

Dinamika komun bat dagoen arren, urtez urte handitzen eta aberasten doan proiektu bat bada Nafarroa Oinez. Zein izan da Andra Mari Ikastolak ekimenari egin dion ekarpen nagusia?

–Guk fokua arnasguneetan jarri dugu. Badakigun Nafarroa oso anitza dela linguistikoki eta zoritxarrez legeak ere desberdin egiten gaitu. Nafar guztiok ez ditugu hizkuntza eskubide berdinak aitortuak. Errealitate honen barruan, gure ikastola Sakanako gune euskaldunenean dago kokatua. Hala ere, azken urteotan kezka sortu da euskararen ezagutza estankatuta dagoelako eta erabileran atzerako joera bat ere sumatu delako. Euskararen moteltze horren aurrean zirikatzaile izateko papera hartu du Andra Mari Ikastolak. Herri euskaldun batean bizitzeak, izan ere, erlaxatzen moduko bat eragin dezale. Baina euskarari dagokionez, erlaxatzen bagara atzera egiten du. Tentsio hori manten-tzeko ardura hartu dugu aurten.

Zein da zehazki euskararen egoera zuen eremuan, datuen arabera?

–Sakana oso anitza da euskararen ezagutza eta erabilerari dagokionez: %40 inguru da euskalduna eta, hain zuzen ere, Sakanaren bihotzean dauden herriak dira euskaldunenak, guri dagozkigun herriak. Arakil aldean eta Burunda aldean euskararen ezagu-tza txikiagoa da eta gure herrietan handiagoa. Badira euskararen arnasgune direnak eta UEMAn egoteko baldintzak betetzen dituztenak. Bilakaera, Euskal Herri osoan ematen denaren antzekoa da. Herri erdaldunenetan euskararen ezagutzak gora egin du, gehienbat hezkuntza eragileei esker eta euskaltegiei esker; eta herri euskaldun batzuetan, berriz, ezagu-tzak behera egin du, Arbizuren kasuan bezala.

Zeintzuk dira guzti horren atzean dauden arrazoiak?

–Arrazoi desberdinak daude horren atzean. Alde batetik, demografia kontuak daude: jenderik euskaldunena adineko jendea da eta, hiltzen doazen heinean, behera egiten du hiztun kopuruak; bestalde, biztanleriaren mugimenduak direla eta, herrira bizi-tzera etortzen den jende askok ez daki euskaraz. Eta ez naiz atzerritik datoztenen inguruan ari, gure komunitateko hirietatik datozen horien inguruan ere ari naiz. Gero eta gehiago dira familia mixtoak, non gurasoetako batek ez dakien euskaraz, eta horrek etxean euskara erabiltzea mugatzen du. Ondorioz, haurrak gero eta lehenago hasten dira gaztelerara jotzen, aldatu egiten dira hizkuntza ohiturak. Oraindik ere %79-80 dira euskaldunak Arbizun, baina estan dugun bezala, arnasguneak oso zaurgarriak dira eta hori gure herrietan nabaritzen da. Edozein aldaketa txikik ekartzen du euskararen ezagutza jaistea. Kale neurketek, hala ere, gure herrietan erabilerak eusten diola diote, baina sentsazioa daukagu ikastolan eta ikastetxeetan, orokorrean, haurrak lehenago hasten direla gaztelera erabiltzen. Zer esanik ez, interneten eta pantailetan daukagun gabezia handiarekin ere dauka zerikusia horrek.

Euskararen arnasguneak indar-tzeaz gain, ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikina hobetzea da aurten daukazuen beste helburuetako bat. Zein egoeratan dago egun?

–1965eko eraikin bat da, garai batean eskolak izandakoak. Batetik, irisgarritasun arazoak ditu: ez dauka igogailurik, eskailerak soilik. Igogailu bat jarri beharko genuke, baita arrapala bat ere. Iaz, arrapala bat jarri genuen ikasle batek behar zuelako, ebakun-tza bat egin ziotelako. Baina momentuko konponbide bat izan zen, ez da behin betikoa. Teilatua, hormak, leihoak… ez daude isolatuta, isolalmendu arazo larri bat daukagu. Beste alde batetik, aldagelak, dutxak eta galdara ere aldatu beharko genituzke. Galdara oso zaharkituta dago, eta beharra dago hau berritzeko.

Eraikinen berritzeaz ari garenean, horrek zerikusi zuzena dauka ere proiektu pedagogikoarekin, ezta? Haur Hezkuntzako eraikin berria egin zenean argi ikusi zen hori.

–Bai. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikinari dagokionez, zerikusi zuzenagoa dauka irisgarritasunarekin eta, orokorrean, ikasle guztiak eroso egon daitezen egin behar diren eraldaketekin, isolamenduari dagokionez. Baina Haur Hezkuntzako eraikina aldatu zenean, esaterako, zerikusi zuzena izan zuen proiektu pedagogikoarekin. Inklusio gela bereziak ditugu eta, horretatik aparte, Haur Hezkuntzako gela guztiek irteera zuzena daukate kalera, barruan estalpean dagoen plaza batera ere sarbidea daukate… Baina kasu honetan, DBH-ko eraikinean ez lirateke horrelako obrarik egingo, hobekuntzak baizik.

Gandea hortxe daukagu dagoeneko. Nola irudikatzen duzu?

–Eguraldi onarekin irudikatzen dut, lehenik eta behin. Izan ere, badaukagu arantza txiki bat horrekin, lehenengo bi Oinezetan eguraldi oso txarra egin zuelako. 2009koan ez, ordukoan eguraldia alde izan genuen, eta badirudi aurtengoan ere hala izango dela. Beraz, arantza hori ken-tzeko aukera ere izango dugu. Festa jendetsu bat irudikatzen dut, euskal giroan.