Zenbait sortzaileren elkarrizketak irakurri ditut azkenaldian. Margolari bat, zinemagile bat, idazle bat. Alor ezberdinetan egiten dute lan eta bakoitzak gauza ezberdinak ditu adierazteko eta baita modu ezberdinak esan nahi duen hori kontatzeko. Baina hiru elkarrizketatan agertu da amore ez ematearen kontzeptua. Hiru sortzaileek aipatu dute elkarrizketaren uneren batean zein garrantzitsua den artista batentzat, aurrera egingo badu, amore ez ematea, sinisten jarraitzea egiten duen eta egin nahi duen horretan., nahiz eta gehienetan ez lortu, nahiz eta askotan kritika eskasak jaso, nahiz eta frustrazioa eta zalantza ohikoak diren sortzaile baten lanean. Zuk esaten ez baduzu beste inork ez duela esango pentsatu behar duzu, dio elkarrizketatutako batek. Beste batek gogoratzen du zenbat aldiz egon den dena pikutara botatzeko zorian, bere asmoek eta lorpenek azkenean zerikusirik ez zutela ikusita. Perfekzioaren bilaketa beharrezkoa da, dio hirugarren batek, baina perfekzio nahi horrek ezin zaitu paralizatu.

Perfekzioaren bilaketa beharrezkoa baita, onena eman nahi izatea, baina arrisku bat du: askotan pizgarri bat izan beharrean, aurrera egitea galaraziko dizun oztopoa bihurtu daiteke.

Sortzaile hauek amore ez emateari buruz esaten dutena garrantzitsua da bizitzaren gainontzeko alorretan ere, baina esango nuke kultur sorkuntzarekin eta orokorrean kreatibitatearekin zerikusia duen edozein ofiziotan nabarmenagoa izan daitekeela. Sinestea erabakigarria da sorkuntzan. Izan ere, artelan handienak askotan “kutxatik kanpo” pentsatutako zorakeriak izan dira eta jenialtasun eta zorakeriaren artean marra fina dago askotan. Atleta batek badaki marka konkretu bat hausten badu ondo egin duela bere lana; sortzaile batek, bere obra amaitutakoan, askotan ez daki zer egin duen, zorakeria bat den, edo jenialtasun bat. Nik, amore ez ematearen gomendioari, beste bat erantsiko nioke. Amore ez emateaz gain, egiten duzuna amorez egitea. Amorez egin, amorerik eman gabe.