Zutabe hau igandean idazten dihardut, goizeko 11k aurretik. Kontxako banderako emakumezkoen txanda hasi aurretik. Beraz, emaitzak zeintzuk izango diren ezagutu baino lehen.

Aste bitarteko galderak airean egoten jarraitzen du. Nork irabaziko du bai andrazkoen eta bai gizonezkoen estropada? “Edonork irabaz lezake” da gehien entzun dugun esaldia. Eta, esatearekin batera, traineru guztiak halako plus batez jantzi ditugula sentitu dugu, bai gure kuttunak direnak, zein gainontzekoak. Oso adierazgarria iruditu zait ikustea, nola traineru/herri/kolore bakoitzak bere taldeaz hitz egitean zer nolako ezaugarriak azpimarratu dituzten, irabazle izateko dituzten doaiak, alegia: inoiz amore ematen ez dutenak, azken momentuan hazi egiten direnak, olatuaren txanpa hobekien hartzen dutenak, indartsuenak, itsasoari hobekien moldatzen zaizkionak… Ezin izan diot ene buruari galdetzeari utzi, ezaugarri horiek ote diren, benetan, talde bakoitza besteengandik bereizten dituztenak, edota bere taldea irabazten ikusi nahi duenaren begia ote den, ezaugarri horiez jabetzen dena.

Kontua da, estropadetako kontu honetaz gain, Lezamara eskolak ematera doan irakasle batek asteburuan galdetzen zigula ea bere ikasgaiaz gain, beste zerbait ere irakatsi behar ote zuen. Irakasleak esaten zuen, futbolari izan nahi duten gazteei berak menperatzen duen materia erakargarri egin nahi izateaz gain, talde gisa onuragarri izan daitezkeen eta izan behar duten bestelako ideiak eta mezuak ere helarazi behar dizkiela uste duela. Eta ideia horiek beroriek ere bere materia gehiago maita dezaten ahalbidetuko dutela.

Galdera, beraz, bikoiztu egiten da. Talde baten ezaugarriak nork eta nola zehazten dituen, noiz hasten diren taldearen ezaugarri izaten; taldea ote den bere ezaugarriez mintzo dena, edota talde gisa ikusten edo ikusi nahi dituztenena ote den.

Teknikoki gero eta berdinagoak garen garaiotan, olatu batek izendatu dezake garaile halako edo bestelako trainerua. Jarraitzaileek, ordea, bestelako ezaugarriak izango dituzte mintzagai. Zorionez.