Duda-mudatan ibili naiz egunotan ea pertsona pribilegiatua ote naizen. Hiztegietara jo dut, eta hauxe topatu dut: gizabanako edo talde bati, guztientzako legetik at, ematen zaion abantaila berezia. Ez da eskubide bat, hori berezkoa baita, pribilegioa emate bat da. Hau da, pribilegioa behin betikoa da, eskubideak aldiz, unibertsalagoak.

Klase pribilegiatua, gaur egun, klase altu edo klase agintariarekin alderatzen da, aberastasun eta botere politiko gehiena duena, elitearen baliokide bezala.

Pribilegioen kontu horren sakontze-beharra Orkoiengo Alejandro Lopez (PSN) alkatearen hitzek sortarazi didate. Dakikezuenez, alkate horrek batzar batean esan zuen ludotekan euskara murrizteko asmoa zuela, eta arrazoia, hauxe: “Gure ludotekan ekitaldiak gaztelaniaz eta euskaraz egiten dira. Euskaldunak euskarazkora eta gaztelaniazkora joan daitezke. Gaztelaniaz dakitenak gaztelaniazkoetara bakarrik. Hau da, zerbitzu bikoitza dute. Izan ere, ez gara eskubideez hitz egiten ari, pribilegioez ari gara”.

To! Euskaldunok (batzuk) pribilegiatuak gara erdaldunen aurrean bi hizkuntza dakizkigulako, eta erdaldunak kasu horretan baztertuak sentitzen dira. Orduan, EITB euskaraz ikusten dudalako pribilegiatu bat naiz, alkate horrek ezin duelako ikusi eta ulertu. Euskadi Irratiko saio eder horietariko batekin gozatzen ari banaiz, pribilegiatu neurekoia naiz hizkuntza hegemonikoa darabilen erdaldun batek ezin duelako nire gozamen berbera sentitu. Edota seme-alabak euskarazko hezkuntza jaso dezaten ikastola batera bidaltzen baditut, pribilegiatu bat naiz, ikastola horrek eskaintzen didan jakituria-mundu euskarazkoa pribilegio hutsa baita niretzat.

Berria egunkari edota Argia aldizkari finak irakurtzeko erosten baditut pribilegio batez probesten ari naiz, erdaldunek gaurko kazetaritza beharrezkoaz ez baitira jabetzen, eta nik aldiz, espainolezko egunkari zinez ederrak irakurri ahal ditut.

Tira, Juan Luis Zabalari irakurri nion horren inguruko ateraldirik ebidenteena: “Pribilegiatu samar sentiarazten zaitu gizonak, egia da, baina ez euskaraz dakizulako”.