Gogoratzen dut orduko Gasteiz. Ni neskato txikia nintzela, amak Vittorixako kaleetan norbait euskaraz hitz egiten entzuten bazuen gelditu egiten zuen: Euskalduna? Nongoa zara ba? Ez zen ohikoa kalean euskara entzutea, arrotz sentitzen ginen askotan, familia euskaldun bat euskararentzat toki gutxi zeukan hiri batean. Ordutik gauza asko aldatu dira, besteak beste, gure hizkuntzak lekua irabazi du gure hirian. Gaur egun amak ez luke inor geldituko kalean euskaraz aritzeagatik.

Aurrera egin da nabarmen euskararen erabileran eta ezagutzan Gasteizen, eta harro sentitu beharko lirateke urte guzti hauetan hirian, eta Euskal Herri osoan, hizkuntzaren alde lan egin dutenek. Asko dugu eskertzeko, lan ixil eta ikusezin asko egin baita. Baina euskarak oraindik leku gehiago behar du gure hirian, horregatik poztu ginen hainbeste euskararentzat funtsezkoa izan den Oihaneder Euskararen Etxeak beste dimentsio bat hartu behar zuela jakin genuenean, Gasteiz Antzokia sortuz. Ruiz de Bergaratarren jauregiko lanak bukatuta zeudela jakin genuenean, haren irekiera espero genuen, baina ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik hor dago, geldirik, ez atzera, ez aurrera. Eta gu, zain. Zain gaude.

Gauza asko aldatu dira nire herrian neskato bat nintzen garaitik eta euskarak aurrera egin badu izan da, besteak beste, lekua irabazten joan delako, baita leku fisikoa ere. Euskarak eta kulturak bere lekua merezi dute. Eta ziur naiz laster bihurtuko dela errealitate hainbeste aldiz amestu duguna. Borondateak mendiak mugitzen ditu, zailtasunen gainetik ibiltzen daki eta borondateak. Gure hirian euskara eta kulturaren alde hainbeste jende omentzeko eta gogoratzeko modu bat ere izango da euskarak eta kulturak bere habia izatea, bere etxea. Euskarak merezi du. Kulturak merezi du. Gasteiztarrek merezi dute.