Euskara da gure territorio libre bakarra. Euskara: Euskal Herriko hizkuntza. Gu: Euskal Herriko biztanleak. Territorio: Euskal Herria. Libre: askea, askatasuna duena, inoren mende ez dagoena.

Euskarak biziraungo badu, hori ahalbidetzeko zerbait egin behar dugu. Gu euskararen alde borrokatzera kondenatuta bizi izan gara, bizi gara eta, zoritxarrez, biziko gara. Horren erakusle da Korrika, Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia. 1980tik 43 urte igaro dira eta, egun, beharrezkoa da, beste gauza batzuen artean euskararen aldeko kontzientzia suspertzeko. Gu oso urruti gaude euskaraz libre izatetik. Oldarraldi ugari bizi izan ditugu, bizi ditugu eta, zoritxarrez, biziko ditugu. Euskaldun izatea zein nekeza den...

Euskarak biziraungo badu, ardura osoa ezin da gure bizkar utzi. Hizkuntza-politika ausartagoen premia dugu, euskararen aldeko akordio soziopolitiko berria behar dugu. Azken datuen arabera, euskaldunok gero eta ahalmen txikiagoa dugu euskaraz hitz egiteko, lekurik euskaldunenetan ere euskararen erabilerak atzera egin du, eta egiten ari da, eta, oro har, ez da ezagutza beste handitu. Laburbilduta, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa ezinbestekoa da, Euskal Herriko herritarrak euskaraz eroso bizi daitezen.

Euskarak biziraungo badu, edonork (guk), edonon, ez du euskara erabiltzeko eragozpenik izan behar. Eta euskararen erabilera erosorako gakoa herritarrok euskaraz aritzeko dugun gaitasun egokia zabaltzea denez, erakundeek egin beharreko hizkuntza-politikak nahitaez erakutsi behar die herritarrei euskaraz jakitea gero eta beharrezkoagoa izango dela.

Euskarak biziraungo badu, euskararen erabilera erosorako baldintzak sortu behar dira. Horretarako, hizkuntza-eskubideak eremu guztietan bermatu beharko dira; izan ere, euskararen moduko hizkuntza gutxituen normalizazio-prozesurako osagai nagusia hiztun eta esparru gehiago sortzea da. Eta hiztun gehiago sortzeko, guri gure berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea bermatzeko, euskalduntze-prozesu osoak doakoa izan behar du, dirurik aurreratu behar izan gabe. Beraz, botere publikoek eskubide hori bermatu behar dute.

Euskarak biziraungo badu, euskararen ezagutza unibertsalizatzeko iturriak eta baldintzak hartu beharko dira aintzat: hezkuntza-sistema, helduen euskalduntzea eta hizkuntza-transmisioa edo -sozializazioa. Esparru horiei begirako politiketan, jauzia egin beharko da. Gure kasuan, helduen euskalduntze eta alfabetatzeak Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakarra behar du, euskararen ezagutza nahikoa ziurtatzeko. Zergatik? Gure herria osatzen duten hiru eremu administratiboetan gerta daitezkeen unean uneko gorabehera politikoek nabarmen baldintza dezaketelako euskalduntze-prozesua.

Euskarak biziraungo badu, Euskal Herri osoan bermatu behar da hizkuntza-eskubideen aitorpena, eta euskararen ofizialtasuna da bide bakarra hizkuntza-justizia, hizkuntza-kohesioa eta hizkuntza-berdintasuna erdigunera ekartzeko eta hiru justizia-mota horiek errealitate bihurtzeko.

Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa, erabilera erosorako esparruak, doakotasuna, ofizialtasuna: hizkuntza-politika ausartagoak. Bitartean, 23. KORRIKAk euskararen aldeko kontzientzia suspertzen jarraituko du. Harro Herri eta gora Korrika! Gora AEK! Euskarak biziraungo badu.

Ane Elordi Alburquerque (Korrika arduraduna) eta Aitziber Balantzategi Ibargoitia (AEK-ko Artezkaritza taldeko lehendakaria)