Disziplina anitzeko sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatua da #badon: belaunaldi arteko kulturaren transmisioa, genealogia kulturala eta kanona zalantzan jartzen dituen lana da, euskal kultura josi duten harien artetik galdu diren hari muturrak identifikatzen dituena,gero, horietatik tiratzeko. Itzalean geratu diren gorgutzei ahotsa ematen die #badon proiektuak. 

Arte disziplina anitz eta garaikideen bidez kontakizun “alternatibo eta gaurkotu” bat proposatzen du sorkuntza kolektiboak, eta horren emaitza da #badon opera garaikidea, azaroaren 23an Azpeitiko Soreasu antzokian aurkeztuko dutena. Hurrengo Korrikak ekarriko duen berrikuntzetako bat da kultur lan baten ekoizpena, Korrika Kulturalaren aterkiaren menpean eskainiko dutena, eta #badon da AEKk eta Korrikak horretarako aukeratu dutena. 

Euskal literatura, musika, arte plastikoa zein irudizkoa, antzerkia, dan-tza eta bestelako adierazpenen inguruan gorpuztu dute #badon izeneko opera garaikidea, artista garaikide eta disziplina ezberdinen arteko zubiak eta elkarlanak bultzatuz. “Diskurtso orokorretatik kanpo geratzen direnei ahotsa eman nahi izan diegu. Euskal kultura hegemonikotik kanpo gelditzen diren gorputz guztiak dira #badon, eta horiei lekua eskainiko diegu. Atzera begirako genealogiari ere erreparatuko diogu”, azaldu du Ines Osinaga lantaldeko sortzaileetako batek. 

Gogoratu duenez, #badon duela urte eta erdi hasi zen, “kolektiboa eta kolektibizatua” zen ikerketa prozesu baten bidez. “Diseinu espekulatiboarekin jolastuz, etorkizun desiragarri bat diseinatzeko ariketa egin genuen, euskal etorkizun utopiko bati buruzkoa, euskal kulturaren totemak zalantzak jartzen zituena. Izan ere, askotan, etorkizunari buruz hitz egiten edo amesten dugunean, oso modu katastrofikoan jokatzen dugu. Hala, Tipi Kolektibokoek dinamizatuta, Euskal Herriko zenbait lekutan euskal kulturari buruzko hausnarketa eta eztabaida saio batzuk egin genituen,eta horietara gonbidatu genituen sor-tzaile, zientzialari, arkitekto, musikari, idazle, bertsolari, dan-tzari eta euskal kulturako sortzaile asko. Hor hasi zen #badon kolektibizatzen”, azaldu du Osinagak.

Denetik daukana

Fikziozko ariketa horretan, 50 lagun saretu zirela dio, eta saio horietatik ateratako ondorioak edo “perlak” taularatzea erabaki dute. Proiektura batu ziren orduan Tripak kolektiboko kideak; tartean, opera garaikidea zuzentzeaz arduratzen den Marina Suarez. “Hausnarketa prozesua prozesu espekulatiboa izatetik prototipo- fasera igaro behar zen”. Izan ere, Euskal Herriko antzerkietan eszenaratzeko “katxarro” eszeniko bat sortu behar zuten: “Hasieran, “katxarro” esaten genion, argi geneukalako ez zela kontzertu bat izango, ez eta antzerki edo dantza ikuskizun bat ere. Bagenekien guztitik zerbait izan behar zuela, eta horrela otu zi-tzaigun opera egitearena”. 

Artefaktu eszeniko bat egin nahi zuten, eta opera #badon eraikitzeko estruktura “egokia” zela ondorioztatu zuten. “Opera bat antzerkia, dan-tza, musika, interpretazioa eta abar batzen dituen arte eszenikoa da. Gainera, opera batek sekulako pisua dauka, zerbait elitista da, eta guk gure baliabideekin, gure modura egitea erabaki genuen”, azaldu du Suarezek.Operari, gainera, garaikidea izatearen osagarria gehitu diote; izan ere, #badonek ez dauka orkestrarik, ez dauka opera abeslaririk, ez dauka ohiko operen baliabiderik. Guzti horri “garrantzia gehiegirik eman gabe”, beraien egiteko ereduan sinistu eta opera postdramatiko bat sortu dute, “#badon ez delako ohiko opera bat”.

Suarezen hitzetan, “korala eta eklektikoa” den lana osatu dute, disziplina anitzekoa: “Oso korala da, denok egiten dugulako denetarik: dantza egiten dugu, interpretatu egiten dugu, istorioak kontatzen ditugu... Gainera, oso eklektikoa da, mundu asko erakusten dituelako. Izan ere, genealogiari buruz hausnartu dugu, eta genealogiaren baitan gauza asko landu daitezke. Sormen prozesuan aurkitutako elementu eta material guztiekin alkimia egin dugu, oso ezberdinak diren horiekin eszena ezberdinak sortuz”.

Osinagak eta Suarezek aitortu dute opera bat hackeatzearen ideiarekin jolastu dutela: “Euskal kultura zelan eraiki den eta zein egoeratan dagoen aztertzen dugu obran, eta hackea-tzearen bitartez hori guztia deseraiki dugu, imajinatzen ez genuen zerbaiti atea zabaltzeko”. Hala, hackeatuko dute zortziko txiki bat, hackeatuko dituzte kopla zaharrak, hackeatuko dute publikoa edo hackeatuko dute antzerkia. “Gure mundua nola hackeatu dezakegun landu dugu, gure erosotasun esparrutik nola atera gaitezkeen ikusteko, betiere, elkar zainduz eta bakoitzari bere lekua emanez”, zehaztu du Osinagak.

Oholtza gainean sei gorputz - edo gehiago?- egongo diren arren, #badon “superprodukzio” bat dela adierazi dute sortzaileek. Iker Gozategi

Bost koadro

Opera garaikidea bost ekitalditan banatzea erabaki dute, bost koadro ezberdinetan, bakoitzak bere mundua irudikatzen duelarik. “Bakoitza izan daiteke pop-up bat, mundu ezberdin bat”, dio Suarezek. Hala ere, sormen prozesuan landutako hausnarketa eta galdera asko obratik kanpo gelditu direla dio, obrak ere bere mugak dituelako. Hasieran, unibertsoa zen #badon, eta forma eszenikoa hartu du orain, baina gauza asko kanpoan geratu dira: “Prozesua oso ederra izan da. Gauza asko agertu dira, gauza asko bidean geratu dira, eta beste batzuk aurreratu egin ditugu. Uste dut obran ikusiko direla collage moduko munduak, batetik bestera salto egiten dutenak. Irudien aldetik ere, logikarik gabeko konexio asko ikusiko dira. Koktel moduko bat prestatu dugu. Nahiz eta #badon-ek forma hau hartu, ate asko ireki ditu”, hausnartu du Suarezek.

Badon proiektuaren indarguneetako bat “kolektibitatea” dela azpimarratu dute biek ala biek, eta oholtza gainean sei gorputz -edo gehiago?- egongo diren arren, opera hau “superprodukzio” bat dela adierazi dute. Talde teknikoan hainbat pertsona ari dira lanean, eta konplize asko ere izan dituzte prozesuan. Txiki asko batu dira, “normalean batuko ez liratekeenak”, eta handira jo dute: “Erronka izan da txiki asko batzea eta handira jokatzea. Izan ere, zer behar dugu gure sormenaren muga dirua izan ez dadin? Sormenean bi muga garrantzitsu egon ohi dira: dirua eta denbora. Denbora ezin da erosi, baina dirua daukanari eskatu dakioke. Horri buruzko lanketa egin dugu, eta gure erara sortu dugu. Lantaldeak antolatu ditugu, eta esan dezakegu obraren indarguneetariko bat dela jende askoren parte hartzea. Algoritmoak inoiz batuko ez lituzteen asko batu gara, eta ausartu egin gara”, azaldu dute.

Imajinatu daitekeen guztia biltzen du #badonek, eta “imajinatu ezin daitekeena imajinatzera” eramango ditu ikusleak. Suarezek dio “sekulako ikasketa” izan dela horrelako talde handia zuzentzea. “Oso teknikoa da oholtzaratuko duguna, eta hori koordinatzea kristoren lana da. Eromena da, baina sekulako ikasketa”. Osinagak dio bakoitzak dakienetik jarri duela, eta “denen artean zerbait handia” sortzea lortu dutela.

Obrak sortu dituen sinergiak eta ehundu duen sarea “itzela” dela azpimarratu dute. “Jende ezberdina elkarrekin lanean jarri da, eta horrek kultur ekosistema ereiten du. Guk sinisten dugu bestelako kultur ekosistema batean, non ez den dena modu bertikalean antolatzen, modu horizontalagoan baizik. Egia da guzti hori koordinatzea beti ez dela erraza, eta are gehiago balio produktiboez aparteko beste balio batzuk mahaigainean jarriz gero. Izan ere, kultur merkatua erromantizatu nahi izaten den arren, kultur industria eta kultur merkatua beste edozein merkatu bezalakoak dira: lehia handia dago. Baina #badonen bestelako lanketa bat egin dugu”, gogoetatu du Osinagak. 

Hori dela eta, bidean sustraitutako sare-tzeari edo egindako hausnarketei “izugarrizko” balioa ematen diete. Hala ere, jendaurreko entseguaren atarian dauden honetan, fokua produkzioan jarrita dutela onartu dute.

Konpainia handiek jokatzen duten zelaietara joango dira abendutik apirilera bitartean. 15 emanaldi inguru egingo dituzte, eta “oso urduri” daude, baina “normala” dela ere badakite: “Ez gaude bakarrik, taldea sendo dago. Urduri gaude, gogotsu gaude, baina ez daukagu beldurrik”. 

Inoiz egingo ez lituzketenak egitera ausartu dira, “asko ikasi eta gozatu dute”, eta hegan egin dezaketela sinisteko gai izan dira. “Ausartu gara bestela inoiz egingo ez genituzkeen gauzak egitera, eta hori sarearen indarguneetako bat da”.