Xabier Badiola musikariak bere izena daraman diskoa argitaratu du; hain justu, bere lehenengo bakarkako lana. Lan horretan, eibartarra rock generotik urrundu eta soilik bere ahots eta gitarrarekin, folk estiloan murgildu da. Bakarka ari-tzen den lehen aldia du: hala, konposizioan, grabazioan, ekoizpenean eta prozesu osoan zehar aurkitu dituen erronkei bere kabuz egin die aurre. Musikariak dioenez, bide horretan, musika maite duen jendea izan du inguruan, baina, azken finean, Badiolak bere etxeko pareten artean sortutako diskoa sortu du aurkezpen gisara.

Urteak daramatzazu musikan, baina lehen aldia duzu bakarlari gisa.

Taldeetan ibili naiz eta idazten ere bai. Bilboko Sotomonte taldea izan dut azken proiektua, eta horretan, liderra oso markatuta dago eta kantuak bereak dira. Nire kasuan, kantuak bakarrik datoz. Kantuak pilatzen joaten ziren eta ez neukan modurik nire kantu horiek aurkezteko edo lantzeko. Orduan, interesgarria ikusi nuen bakarkako bideari heltzea eta folkean nire bidea hastea. Zerbait ezberdina egiteko gogoari helduta hasi naiz bakarka, rockero edo gitarra-joaldi gogorretik pixka bat aldentzeko.

Bakarka eta bakarrik: zuk konposatu duzu, zuk grabatu duzu eta zuk nahastu duzu. Nolakoa izan da prozesua?

Bakar-bakarrik ez naiz egon, inguruan izan baitut musika maite duen eta sentsibilitate handia daukan jende asko. Hala ere, folk estilotik interesgarria iruditzen zaidana ematen duen berehalakotasuna da. Ez bakarrik jotzeko momentuan ematen duena, baizik eta produkzio eta grabazioan eskaintzen duena ere. Nire etxean grabatzea erabaki nuen: mikrofonoa hartu nuen, eta ez dakit, baina horrek bestelako xarma ematen dio. Estudio batera joan ahalko nintzateke, baina ezberdina izango litzateke. Zientzian baino, artisautzan oinarritu nahi nuen proiektua: “Nik egin ahalko nuke hau? Bada, nik egingo dut, pretentsio handirik gabe”.

Kantuak pilatuta zenituen, baina grabazioa azkarra izan zen.

Bai, oso azkarra izan zen. Kantuak nituen eta grabatzen hasi nintzen. Kantuek disko forma hartu zuten eta egunez egun kantak fintzen joan nin-tzen. Kasu batzuetan, ideiak nituen baina ez neukan letrarik, orduan, zer edo zer irakurtzen nuen: liburu bat, albisteren bat, inguruan gertatutako gauzak… Letra bat idatzi, eta hurrengo egunean grabatzen nuen. Kantuak pentsatzeko denbora behar izan dut, baina berehalakotasun elementu sendo bat egon da, egunetik egunera eta momentuan grabatzen.

Zure lehen lan honetan, 60ko hamarkadako folkaren eragina da nagusi, ezta?

Bai, nik esango nuke baietz. Hala ere, ez dut errebisionismoa egin nahi, baina bai, orduko musika gustatzen zait. Dena den, beste eragin batzuk ere badaude. Subkontzienteki txikitatik izan ditudan erreferenteak izan dira, eta musikan islatzeko erraztasun hori izan dut: hala nola, John Renbourn, Bert Jansch, Nick Drake…

Beste erreferentzien artean, euskal musika aurkituko al du entzuleak?

Bai, diskoaren sorreran ere Itoitz, Mikel Laboa, Xabier Lete… atera dira. Betidanik entzun ditudan artisten eragina ere egon da askotan, konturatu gabe.

Diskoa euskaraz sortu duzu, nahiz eta eragin handiena 60ko hamarkadako folka izan.

Euskaraz kantatzea hautu bat izan da, esfortzua egin behar izan dut. Nik ingelesez landu dut gehiago musika, baina ez zen zilegi zintzotasunaren eta zuzentasunaren aldeko hautua egin, eta euskara ez zen beste hizkuntza batean abestea. Hori maskara bat jartzea bezala ikusten dut, zerbaiten atzea ezkutatzea. Orain arteko influentzien nahastearen emaitza da diskoa, baina euskararen aldeko hautua egin izana estra bat da. Nik entzuten dut nire burua ingelesez edo gazteleraz abesten eta ez dut sinesten entzuten dudana; zer edo zer sortu behar badut, nirea, euskaraz izan behar da.

“Erantsi ezazu behingoz soineko burdin jantzia” diozu ‘Aurrez aurre’ abestian. Zeri jartzen zaio aurrez aurre Xabier Badiola disko honetan?

Idatzi nuenean egiten nuen irakurketa eta orain egiten dudana elkarren artean oso ezberdinak dira. Momentu bakoitzean egoera alda-tzen denez, irakurketa ere aldatzen da. Orain, esan dezaket “burdin jan-tzia” bezala azaltzen dudana musika gogorra dela, eta ni disko honetan guztiz biluzik agertzen naiz, oholtzan guztiz bakarrik. Folk single mitologia egin nahi nuen; alegia, egun baten leku batean egon, eta hurrengoan beste batean. Salto hori emateko gogoa neukan, mitologia horren parte izan nahi nuen.

Eta lekurik ba al dago egungo euskal musika industrian horrelako lan batentzat?

Nik euskal musika jarraitzen dut, baina disko hau ez nuen egin nahi industria bati begira. Momentuan hala ikusten nuen; nire barruan zegoen eta atera egin behar nuen, eta atera dut. Sortzaile guztiok partekatzen dugun nahi bat ere jaso dut: “Niri zer gustatuko litzaidake entzutea?”. Ingalaterran, esaterako, modu punki edo autogestionatuan folka egiten zuen jendea ezagutu nuen, eta nik espiritu hori ikustea nahi nuen. Xabier Badiola bezala sortu dut euskaraz entzun nahi nuen diskoa.