Gortina ireki eta 1830. urteko girora bidaiatzen du publikoak. Maryk, istorio honetako ardatz nagusiak, haren bizipenak lehen pertsonan kontatzen ditu, baserri giroan murgilduz, eta, horrekin batera, hezkuntza aldetik, baserritar eta bikarioen familien artean dauden ezberdintasunak nabarmenduz. Hasi da Esnearen kolorekoa. 

Tanttaka konpainiak Nell Leyshon idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako antzezlana estreinatu zuen abenduaren 3an, Bilboko Arriaga Antzokian. Tanttakako zuzendari Fernando Bernuési eleberria zoragarria iruditu zi-tzaion. Hori dela eta, eleberria antzezlan bihur-tzeko eskubideak lortzen aritu ondoren, taularatzeko lehenengo aukera lortu zuen. Behin eskubideak eskuratuta, Aitziber Garmendia aktorearekin harremanetan jarri zen, Maryren papera eskainiz. 

Garmendiak feminismoarekin eta klase borrokarekin lotu du obra. Mary, txikia izateaz gain, errena ere bada, eta hortaz, baratzean lan gutxien egiten duena da. Orduan, bere aitak bikarioaren etxera bidaltzen du neskame moduan, emaztea gaixorik baitago. “Aita haserre dago semerik izan ez duelako, bi alaba dituelako eta bietako inork ezin duelako, bere hitzetan, gizon batek bezala lan egin, eta inork ez duelako gizon baten bururik”, azaldu du Garmendiak. 1830eko errealitatea islatzea izan zen Garmendiari istorioa kontatzeko gogoa piztu ziona. 

Antzezlanak hezkuntzaren garrantzia agerian uzten duela adierazi du aktoreak: “Kasu honetan irakurtzen eta idazten jakitea zein garran-tzitsua den ikus daiteke, zuk zure ahotsa eduki-tzeko, zure egia kontatu ahal izateko eta, nolabait, arrastoa utzi ahal izateko”. Hezkuntzaren garrantziarekin batera, protagonistek dituzten desabantailak irudikatzen ditu obrak, bai emakumea izateagatik, baita inguru txiroago batean jaiotzeagatik ere. 

Giroan sartzeko, konpainiak landutako estetikan apustu garrantzitsua egin duela aipatu du Garmendiak: “Pertsonaiak sortzerako garaian soinekoek asko lagundu dute; neska guztiek daramagu gerruntze moduko bat, garai horretan erabiltzeaz gain, garrantzitsua zelako emakumearen forma horiek markatzea”. Arnasketa zailtzen duen elementua izan arren, publikoa ez da eragozpen horren lekuko. Hala ere, emakumeei arnasa hartzea “debekatzeak” edo “zailtzeak” ere pertsonaia sortzen lagundu dio, sorkuntza fisikoa bezain testuala izanez: “bete-betekoa”.

Lankideengandik ikasiz

Zailtasunak alde batera utzita, berriro ere Tanttakarekin lan egin izana etxera itzultzea bezala deskribatu du Garmendiak, lan egiteko aukera eman zion lehen konpainia baita. Oraingoan, oholtza beste aktore ezagun batzuekin partekatzen du: Miren Arrieta eta Jose Ramon Soroizekin, besteak beste. Lankide batzuekin lehenagotik lan egin duela adierazi du: “Jose Ramon Soroizek urteetan nire aitaren papera egin du, eta, kasu honetan, nire aitonarena; berarekin hunkitu egiten naiz”. Eszenatokia bere laguna den Jon Olivaresekin ere partekatzen du, elkarlanean aritu diren lehen aldia izanez. Hala ere, bira honetan lankide berriekin ere egin du topo, haien artean Miren Arrietarekin. “Asko gozatzen ari naiz, badu gazte izatearen grina hori eta oso kutsakorra da”. Oro har, guztiengandik ikasi duela eta denen artean familia bat osatu dutela aitortu du. 

Lan giroan, lankide guztiengandik babestuta sentitu dela ere azaldu du; azken boladan lanpetuta ibili baita alde profesionalari dagokionez. “Denak gara oso ganberroak, beraz, funtzioa hasi aurretik eta bukatu ondoren ere barre pilo bat egiten dugu”. Funtzioak karga nahiko dramatikoa duenez, amaitzerakoan “txip” aldaketa hori eskertzen du. 

Antzezlana ere komedia kutsu horrekin hasten da, ondoren iluntzen doan moduan. Askok espero ez duten zerbaiten aurrean bezala erreakzionatu dutela igarri du Garmendiak: “Momentu askotan isiltasuna indartsua da, esaten dugun bezala, laban batekin ebaki daitekeela dirudi”. 

Publikoaren erreakzioak onak izan arren, askotan presioa sentitzen du, pertsona asko eleberria irakurri ondoren bertaratzen baitira. “Bilbon estreinatu genuenean kanpotik etorri ziren autorearen jarraitzaileak, bere lan guztiak irakurri dituztelako eta Esnearen kolorekoa lana hainbatetan saritua izan delako”, gogoratu du antzezleak. 

Hilaren 27an eta 28an, asteartean eta asteazkenean, egingo dituzte hurrengo emanaldiak, eta biek ala biek Eibar izango dute geraleku. Horien ostean, berriz, hurrengo emanaldia martxoaren 3an egingo dute Oñatin. Euskal Herritik at ere antzezlana ikusteko aukera egongo dela aurreratu dute; hain justu, Madrilen. Azken horretan, gazteleraz ariko dira, eta hizkuntza bateko zein besteko emanaldiak berberak izan arren, euskaraz eskaintzen dituztenek aberastasun handiagoa dutela adierazi du Garmendiak; izan ere, hika, zuka eta berorika formak erabiltzen dituzte. Gainera, antzezle gehienen ama hizkuntza euskara denez, 1830. urtera moldatutako testua gazteleraz antzeztea zaila egiten zaiela aitortu du. 

Antzezlanean barreentzat, zailtasunentzat eta aukera berrientzat lekua dago, eta aukera eskaintzen dio publikoari gizartearen bilakaeraz ohartu dadin. Oholtza gainean, bestalde, baserritar giroa da protagonista, garaiko pribilegioen eta errepresioaren ispilu bilakatuz.