Hazi proiektuak haurraren garapen integral eta harmoniotsua lortzeko asmoz, hainbat arlo jorratzen ditu. Horietako bat hezkuntza emozionalaren trataera sistematikoa da.

Orain dela 4 ikasturte, KAERU taldeko adituen aholkularitzapean, ISURI garapen emozionalerako proiektuari hasiera eman genion, ilusioz beterik, haurraren beharrei erantzungo zion ikuspegi edo begirada berri baten bila.

Isuri proiektuak irakasle guztiek jaso duten formakuntza sendo batean du oinarria. Harrigarria bada ere, formakuntza honen bitartez begirada berri bat osatu dugu, pertsonala, irakasle bakoitzaren baitan, eta taldekoa, denok norabide berean lan egiteko, familiekin batera

Garapen integraleko proiektua

 Kaeru taldearen proposamena, ikastolaren hezkuntza proiektuan, dimentsio emozional-afektibo-soziala integratzen laguntzean datza. Ikasle eta familientzako begirada globala duen garapen integraleko proiektu bat garatu dugu, pentsamenduaren eta begirada sistemikoaren esperientzia emozionaletik abiatuta, eta 3 ardatzetan oinarrituta:

- Auto-ezagutza: norbere burua ezagutzea, nor naiz?

- Begirada soziala: nolakoa naiz nire lagunekin?

- Begirada sistemikoa: nire familia.

3 ardatz horiek landu ahal izateko ezinbestekoa da zaintzarako eta epaiketarik gabeko espazioak sortzea. Gure burua, lagunak, laguntzen gaituzten pertsonak eta espazioak eta materialak zaintzen ditugu eta, epaitzearen gainetik, onarpena lehenesten dugu zeren jakin badakigu, epaitzeak banatzen gaituela, onarpenak, aldiz, hurbiltzen gaitu.

Isuri proiektua Ikastolako ezinbesteko zutabea bihurtu da Haur Hezkuntzan. Haurra ikastolan hasten den lehenengo momentutik, harrera zaintzen dugu, familia osoa haintzat hartuz, eta poliki-poliki atxikimendu ziur bat garatzen doa. Bere buruarengan konfiantza garatu eta besteekin erlazionatzen hasten da. Bere mundua zabaltzen doa eta bide horretan hezitzailea bidelagun izanen du; Presente eta eskuragarri egonik, begiratzen, entzuten eta hitza jartzen dakien hezitzailea. Hiru horiek dira gure esku-hartzerako oinarrizko tresnak.

“Zoriontsu izateko, haurrek begiratuko dieten begiak behar dituzte, entzungo dieten belarriak, laztanduko dituzten eskuak, mugak eta segurtasuna: begirada, entzutea, laztanak eta eustea. Ah! Eta maitasun asko, maitasun asko.” Cristóbal Gómez Mayorga

Garapen emozionalaren lanketa Ikastolako egunerokotasunean zeharka beti presente dagoen arren, modu zehatzago batez ere lantzen dugu. Oinarrizko emozioak lantzeko jarduerak eramaten ditugu aurrera eta girotze baliabideak erabiltzen ditugu. Ikastolako espazio eta garai zehatzetan erabiltzen dira azkeneko horiek, adibidez, urtaro bakoitzean edo haur bakoitzaren urtebetetzea ospatzeko momentuan. 

Zehar lerroa etapetan

Isuri hazi proiektuaren giltza da oreka emozionala, garapen integrala eta harmoniotsua lortzeko bidea zabaltzen duena. Psikomotrizitatearen trataera, arte tailerra, espazioen banaketa, eskaintzen diren materialak eta beste hainbat elementu ikuspegi honekin lerrokatuak daude ere ikastolako hezkuntza proiektuaren baitan.

Ikastolako gaiontzeko etapetan hezkuntza emozionalak bilakaera handia izan du azken ikasturteetan, izan ere, KIVA egitasmoaren bitartez, hezkuntza emozionalarekin lerrokatutako hainbat jarduera jorratzen dira Lehen eta Bigarren Hezkuntzan. Gure ikasleek, ikastolan egiten duten ibilbidean zehar, zehar lerro moduan, hezkuntza integrala eta adimen emozionalarekin lotura duten tailer eta formakuntza anitzak jasotzen dituzte, hala nola: hezkuntza afektibo-sexuala, menpekotasunen kontrako tailerrak, bide hezkuntzako tailerrak, sare sozialen erabilera arduratsurako tailerrak eta abar.