Teknologiak txoriekin berba egiteko gailu harrigarria luzatu dit. App miresgarri horretan, entzuten ari naizen txorion txorrotxioak grabatu ahal ditut, eta horri esker zein hegazti ari den kantuka deskubrituko dut. Asko ikasi dut eta nota arraroak ere deszifratzen ahalegintzen naiz. Zorionekoa ni txorien izenak eta beren nortasuna deskubritzen dudan bakoitzean. Atzo bertan erregetxo batekin aritu nintzen solasean. Grabazioa egin eta gero, bere kantua jarri nion eta horra gerturatu zitzaidan, giza-humano haren kantu ezinezkoa entzutera. Hurbiletik ederrak dira txoriok, naturaren ia elementu magikoak iruditzen zaizkit. Horrexegatik, penaturik irakurtzen ditut beren populazioan gertatzen diren deskalabruak eta galerak, izan ere, batzuk hain daude mehatxatuta ezen laster batean desager baitaitezke.

Duela gutxi irakurri dut makina bat ikerlariek buruturiko ikerketa baten emaitza: pentsatutakoa baino espezie gehiago badaude desagertzeko zorian. Betiko usteak ustel, dena gaiztotu egin da konturatu gabe.

Ukaezina da sistema ekonomikoaren agresibitateak eragin nabarmena izan duela aspalditik biosferaren funtzionalitatean, baina orain badakigu gure jarduerek ingurumenean eta biodibertsitatean kalte itzelak eragiten dituztela, eta horri buruzko nolabaiteko adostasuna badago ere, munduko adituak ez datoz bat konponbideei buruz berba egitean, batez ere irtenbide horiek hazkunde ekonomikoari galga jartzen badiote.

Akats neoliberalak ekarri duen bizimodu kapitalista eta antropozentrikoa ez da gutxiago dutenekin zuzena, gure kontrako kaltea sortzen du, eta hein berean, bideraezina da etorkizuna deusezta dezakeelako. Dena ezin da hazkunde ekonomikoa izan. Kontzeptu enblematiko horrek, askorentzat talismana denak, betiko amildegira eroango ditu espezie guztiak, eta tartean, gu geu.

Gure bidea gero eta malkartsuagoa izango da, eta berau konpontzeko ideiak ditugun arren, prokrastinazioaren gaixotasunak erasan digu.

Horren kontra txerto berririk egongo ote da?