Joan den irailaren 29an Labiaga Ikastolako ikasle, langile eta egungo eta garai bateko irakasle garenok, urtero Lizuniagara egiten dugun irteera egin genuen. Udazkeneko egun ederra izan zen, eguraldi ona eta giro bikaina gure artean. Lizuniagako irteerak garran-tzia handia du ikastolan, urtero kurtso hasieran egiten dugun irteera da, helburu garbi batzuekin: elkar hobeki ezagutu, elkarren arteko giro atsegina sortu eta konfiantzazko harremanak sendotu.

Aurten, ordea, Lizuniagako irteerak bazuen bertze helburu garran-tzitsu bat ere: haziak biltzea. Haziak? Ze hazi? Eta zertarako? Honatx azalpena: heldu den urtean, 2024ko irailean hain zuzen, Labiaga Ikastolak 50 urte beteko ditu. Urteurren hori ospatzeko hainbat ekimen antolatuko dira, eta horien artean dago Ikastolako Oihanaren proiektua. Labiaga mendiaren magalean dauden herri lurretan (Otsanda izeneko parajetik hurbil dagoen eremu batean) zuhaiztia landatzea da proiektu honen funtsa, oihan bat landatzearen eta kudeatzearen pro zesua proiektu pedagogiko bihurtuz.

Proiektu honen hasierako mugarria ikastolako geletan jarri genuen. Oihan bat zer den, bertako bizidunak eta bizigabeak, zuhaitz mota ezberdinak, bertako zuhaitzak… gisa honetako gaiak landu genituen klasean, ikasmaila bakoitzean adinerako egokiak diren edukiak hautatuz. Gaia ikasgelan landu ondoren Lizuniagako irteera baliatu genuen ikasleekin haziak biltzeko. Tokiaren ezaugarriak eta urtearen momentua kontutan hartuz, ezkurrak, pagotxak, hurrak eta gaztainak bildu genituen, Ikastolako Oihanean haritzak, pagoak, hurritzak eta gaztainondoak egon daitezen. Ikasle ttikienek haziak biltzen zituzten bitartean zaharrenek inguruaren azterketa egin zuten (jasotako hazien egoera aztertu, arbolaren zabalera neurtu, enborraren diametroa, adarren altuera…). Horrez gain, ikasle zaharrenek arbola eta hazien argazkiak ere atera zituzten.

Lizuniagatik itzultzean, egun hartan bertan, haziak hedatu genituen. Astelehen arratsaldea hazi hauek ereiten eman genuen. Ikasle guztien artean adin desberdinetakoak nahastuz talde ttikiak osatu genituen. Badakigu hagitz aberasgarria dela horrelako ekimenetan adin ezberdinetako ikasleak nahastea, horrela ikasle gazteenek helduenetatik ikasten dute baina baita alderantziz ere. Helduenek irakasle rola hartzen dute, non beren gain hartzen duten ttikienei erakusteko ardura. Talde bakoitzak poliespanezko kutxak, lurra eta haziak zituen. Egin beharreko lehenengo pausua garbia zen, hazi onak eta hazi txarrak bereizi, eta haziak motaren arabera sailkatu (ezkurrak alde batetik, gaztainak bertze batetik, hurrak bertze talde batean eta pagotxak, azkenik). Ondoren, hazi mota bakoitza poliespanezko kutxa ezberdinetan erein.

Horrela, erran dezakegu egungo ikastolako ikasle guztiek proiektu honetan hasieratik parte hartu dutela. Proiektu honen lehen asmoa 50 zuhaitz landatzea da, ikastolan egon den belaunaldi bakoitzeko bat, eta etorkizunean denen artean haren jarraipena eta zaintza egitea. Orain haziak ereiten jarri ditugunez, negua ikastolako atarian pasako dute, eta aurreikusten dugu 2024ko udaberrian landaretxoak ernatzen hasiko direla. Landaretxoak zaindu, ureztatu eta babestea ere ikasleek eginen dute, hasiera-hasieratik etorkizuneko arbolen gaineko zainketa egin dezaten. Ondoren, 2025eko neguan, lurrera aldatzeko prest egonen dira landareak. Etorkizunean, urtero arbola berri bat landatuko da oihanean, ikastolan sartzen den belaunaldi berriaren arbola izanen dena.

Ikastolako ikasle eta irakasleez gain, haien guraso eta aitatxi-amatxiak ere inplikatu nahi ditugu epe luzeko proiektu honetan, baita ikastolako komunitate osoa ere, bai oihanaren mantentze lanak egiteko nola zuhai-tzei eta oihangintzari buruz helduek duten jakintza ikasleei transmititzeko bideak irekiz.

Duela 50 urte ereindakoak fruitua eman zuen, eta datozen urteetan ere ematen segituko du.