Ikasturte honetan, proiektu berritzaile bat dela medio, Ikasnova gelan kokatzen den Irratiari bizia eman diogu. Horretarako, hilean bost irakasle elkartzen gara.

Lehen lana, irratsaioaren gaia eta eskaleta edo gidoia zein izan daitekeen zehaztea da. Ondoren, klaustro eta korreo bidez irakasleei adierazten diegu zein izan behar den egin beharrekoa. Beti saiatzen gara, alde batetik, gaia guztion interesekoa izatea (Emakumearen eguna, Iyoteak, Sakana….) eta parte hartu behar duen talde bakoitzari eskatzen dioguna, Euskarako gaian lantzen edo landu duten testu motarekin harremana izatea. Malguak izaten gara bigarren honekin eta aldaketak iradokitzen badira kontuan hartzen ditugu.

Hurrengo lana, ikasleekin egiten dena da, tutoreek nagusiki eramaten dute honen ardura. Talde bakoitzak egun finko baterako bere zatia prest izan behar du. Batzuetan gela osoak parte hartzen du, Haur hezkuntzan, hain zuzen ere. Beste geletan, talde txikitan banatzen dira eta antolatzen dira. Data jakin baterako prest izan behar dute dena.

5. eta 6. mailakoei erronka txiki bat gehiago jartzen diegu. Beraiek eraman behar dute irratsaioa, irratsaioaren haria. Normalean, Iera eta Ander irakasleak tekniko lanetan aritzen dira eta keinu bidez gidatzen dituzte. Baino lokutoreak gehienetan haiek dira. Hasieran irakasleok hartu zuten paper hau baina laister ikusi genuen, guk baino hobe egiten dutela haiek.

Noski, lokutore izateko gidoia prestatu behar dute eta Ikasnova gelan Iera eta Anderrekin batera elkartu oi dira irratsaioko egunean egin beharrekoa bikain joateko!

Irratsaioko atalak

Denetarik dago. Normalki 2 eta 3 urteko haurrek abesti bat kantatu oi digute edo esaera zaharren bat ere botatzen digute. Besteek, Asmakizunak, urtebetetzeak, olerkiak, txisteak, iragarkiak… esaten dituzte. Baina atalik arrakastatsuenak bi dira: elkarrizketak eta lehiaketa.

Mota guztietako elkarrizketak egin oi ditugu: Etxarriko amona batek Gerra zibileko bizimoduaren ingurukoak, Sakanako turismo arloan lan egiteak suposatzen duen erronkei buruzkoa, Etxarriko iyoteak… Unkigarri eta gozagarri izaten dira.

Lehiaketak aldiz biziki mugitzen ditu telefonoak eta irratsaioko teknikarien habiliziak, dena zuzenean ongi joateko. Lehiaketak gehienetan egun horretan jorratzen den gaiarekin eta irratsaioan esaten denarekin du harremana. Laister sariak ere banatuko dira irabazleentzat!

Ikastetxe bezala, irratsaioa egiteko apostua egin zen irakurketa, idazketa eta batik bat ahozko konpetentziak garatzen zirelako eta ez gara damutzen. Oso aberatsa da ikasleen adierazpenaren garapenerako!

Eta Diario Noticiaseko irakurleak, entzun nahi bagaituzue, sartu youtubeko San Donato ikastetxearen kanalean eta irratsaioez gozatu. Hilabetero hortxe izango baikara LAU HAIZETARA!