Erein argitaletxeak, lehen aldiz, Juan Luis Landak eta Joxean Muñozek sortutako Irati komikiaren atal guztiak liburuki bakarrean jaso ditu, bai euskaraz, baita gaztelaniaz ere, sorkun-tza prozesuan erabilitako zenbait material gehigarrirekin batera. Paul Urkijok Irati filmarekin lortutako arrakasta baino hiru hamarkada aurretik ondu zituen euskal mitologiaren “unibertso” horretarako sarbidea izan ziren binetak Juan Luis Landa ilustra-tzaile errenteriarrak.

1995. urtea zen. Landak bere hiru pasioak –Nafarroako antzinako historia, natura eta Pirinioak eta euskal legendariuma– uztartzearen ondorioz jaio zen Irati eta, jakina, baita izen bereko protagonista ere, Autzaren esnatzea -jatorriz, El despetar del Autza- izenburupean kaleratutako albumean. Gaztelaniaz eman zen argitara, jada desagertutako, Glenat etxearen hauspopean; gerora bai, Ipurbeltz aldizkariaren orrialdeetan, atalka euskaraz argitaratu ziren Irati eta Eneko Aritza, Iruñeko lehen erregea izango zenaren hastapenetako narrazioak.

Ostera, beste bi liburuki argitaratu zituen Landak Glenatekin –El medallón de Boldro eta La condena de Irati, El ciclo de Irati sagaren bigarren eta hirugarren kapituluak–, gidoian Joxean Muñoz donostiarraren laguntza izan zuelarik. Horrekin, kontakizunak norabide desberdina hartu zuen. Historiari hainbeste erreparatu ordez, fantasiaren errepidean gora egin zuen. Saiak deituriko azken atalari dagokionean, Xabiroi, Ikastolen Elkartea eta Dani Fano ilustratzailearen bultzadaren eskutik iritsi zen liburu dendetara 2007. urtean. Azken hau salbu –merkatuan baitago oraindik–, beste hirurak Ereinen euskarazko edizioan topa litezke. Gaztelaniazkoan, aldiz, lau atalak bildu dituzte liburuki integral batean.

Ereingo editore Uxue Razquinek, Iratiren gidoilari Joxean Muñozek eta Paul Urkijo zinemagileak edizio berritua aurkeztu zuten atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Urkijoren film luze arrakastatsu eta sarituari oso eskerroneko agertu zen Muñoz, jatorrizko komikiari bizitza berri bat eman izanagatik; Landak, bere aldetik, ezin izan zuen prentsaurrekoan parte hartu, baina bideo batean eskerrak luzatu dizkio zinemagile arabarrari.

Muñozek gogora ekarri nahi izan zuen, 2007an argitaratutako azken istorioan, argumentua itxi arren, ateak irekita utzi zizkiotela, etorkizunean pertsonaia haien bizitzaren beste pasarte batzuk garatzeko aukera egon zedin. Ez zen horrela izan, ordea, sortzaileak ez baitira VIII. mendeko Euskal Herrira itzuli. Hori bai, Iratiren “espirituaren” hazia landatu dute belaunaldi berri batean. Horrela uste dute, bai ilustratzaileak, baita gidoilariak ere.

Urkijok Muñozen eta Landaren testigua hartu eta haiek sortutako unibertsoa bereganatu du. Beraz, komikiak ez du jarraipen narratiborik izan, dimentsio berri bat hartu duelako oraindik zinema aretoetan eta jada Amazon Prime plataforman ikusgai dagoen pelikulari esker.

Edizio berriak irakurle berriengan zer nolako erantzuna izango ote duen jakiteko irrikan daude egileak. “Oso pozgarria da Iratik bizirik jarraitzen duela pentsatzea. Ez bakarrik guk sortu genuen hura, baizik eta hazia ere badela, beste batzuk horren inguruan beste gauza batzuk sor ditzaten. Ea horrek sortzeko eta irakurtzeko gogoa pizten dituen”, esan zuen Muñozek.

Irati eta Eneko Aritza

Soberan da azpimarratzea, aski ezaguna delako, Paul Urkijok euskal mitologiaren, Koldo Mitxelenaren kontakizunen eta historiaren alde duen jite bizia. Komikiak ere gustuko izan ditu txiki-txikitatik eta, horra hor, nola bat-batean, bere bi gairik gogokoenak biltzen zituen komikia topatu zuen liburu-denda batean. “Erosi eta, behin irakurrita, maitemindu egin nintzen”, onartu du.

Errementari filmatu aurretik ere, bazuen Euskal Herriko legendak hizpide izango zituen “pelikula handi” bat egiteko asmoa; eta horretarako ezin topatu Landak eta Muñozek sortu eta garatutako Irati eta Eneko baino “ibilgailu” hoberik. Bi pertsonaien arteko erlazio erromantikoak sortzen zuen “dualismoa” –hau da, gizakiaren eta naturaren eta erlijioaren eta paganismoaren bitarteko dikotomia–lanabes oso “boteretsua” zen Urkijorentzat. Horixe boteretsua; pelikula festibal garrantzitsuetan saritua izan da eta 150.000 ikusletik gora bildu ditu Estatuko zinema aretoetan, inoiz euskaraz egin den film luze arrakastatsuena bilakatuz. Iratiren kondaira, hazi eta hazi dabil.