Final-laurdenen fasea igaro ondoren, Nafarroako Bertsolari Txapelketak finalaurrekoei ekingo die asteburu honetan. Gaur jokatuko da hiru finalaurrekoetan lehena, Altsasuko Iortia Kulturgunean, arratsaldeko 17:30ean. Bertan aurkituko dira, aurrez-aurre, Sarai Robles Vitas, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Saioa Alkaiza Guallar, Saats Karasatorre Martinez, Eneko Fernandez Maritxalar eta Patxi Castillo Graciarena bertsolariak, Zigor Gartzia Zian -ek gidatuko duen saioan. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian (eta egunean bertan, bukatu ez balira, leihatilan, 16:00etatik aurrera).

Finala izango dute jomugan bertsolariek: saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 2ko Iruñeko finalera; besteek, aldiz, finalaurrekoen fase osoa bukatu arte itxaron beharko dute, sailkatu diren ala ez jakiteko. Epaileak izango dira, euren puntuazioekin, hau erabakiko dutenak. Lan horretan arituko dira Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena. 

Orain arteko ohiko ariketez gain, berri bati ere heldu beharko diote bertsolariek fase berri honetan. Izan ere, zortziko handiko, zortziko txikiko eta hamarreko txikiko ariketei, puntukako ariketa ere gehituko zaie, bikoteka, zortzi bertso osatu bitarte. Ganbarako ariketan, aldiz, bakarka aritu beharko dute, gaia emanda nahi den doinu eta neurrian hiru bertso kantatuz.

 Altsasukoarekin batera, beste bi finalaurreko izango dira: azaroaren 11an Agoitzen, eta 19an Lesakan. Fasean ariko diren 18 bertsolarietatik zortzik eskuratuko dute finalerako txartela.

Finala jomugan

24 bertsolarik ekin zioten Nafarroako Bertsolari Txapelketaren final-laurdenen faseari joan zen urriaren 7an, eta horietatik 18 igaro dira bigarren fase honetara. Sarai Roblesek, Julio Sotok, Joanes Illarregik eta Eneko Lazkozek finalaurrekoetarako zuzeneko pasea eskuratu zuten, zegokien saioetan irabazita. Gainontzeko bertsolariak, aldiz, puntuazio bidez sailkatu dira. 

Final-laurdenen sailkapena ikusita, aipatutako lau bertsolariez gain Xabat Illarregik, Ekhiñe Zapiainek Saioa Alkaizak eta Idoia Granizok eskuratu zituzten puntuaziorik altuenak, ordena horretan, final-laurdenen sailkapeneko lehenengo zortziokotea osatuz.

Lehenengo faseko puntuazioak-puntuazio, bigarren honetan kontagailua hutsean dago berriro eta bertsolariek euren hoberena erakutsi beharko dute Anaitasunako final handirako prest dauden zor-tzi eserlekuetako bat eskuratzeko.