Zer da Bidasoa ibaia Fermin Muguruzarentzat?

Irundarra naiz. Nire arbasoak ere Irun aldekoak ziren eta zonalde horretan bizi izan ziren. Gerra Zibili iritsi zenean nire amatxi eta aitona, faxistak Irunen sartu zirenean, mugaren beste aldera joan ziren, Ainhoara. Horregatik izendatu genuen Black is Beltzaren bigarren zatia Ainhoa. Bertan autobiografikoa den zerbait kontatu genuen. Dokumentalean esaten den bezala, Bidasoa bizitza dakarren ibaia da. Inoiz ez dugu banatzen gaituen zerbait bezala ikusi. Aitzitik, elkartzen gaituen zerbait da.

Muga militarizatua ezarri ziguten bertan. Baina horren guztiaren gainetik egon da beti gure Bidasoa ibaia. Muga administratiboa eta politikoa hor dago. Schengen eremua martxan jarri zenean, bazirudien zirkulazio askea posible izango zela. Urte batzuetatik hona, ordea, frantziar Estatuak berriro ezarri zuen muga.

Administrazio frantses eta espainolak oraindik ere kolonizatuta gaituzten arren, Schengen espazioa martxan jarri zenean ospatu egin genuen, alde batera eta bestera pasatzeko aukera genuelako, inongo arazorik gabe. Polizia joan zenean, ospatu egin genuen. Are gehiago, Avenida, Santiago eta Behobiako zubietatik checkpoint-ak kendu zituztenean. Zubiak batzeko dira, ez banatzeko. 2018an, Estatu frantsesak, atentatu integristak ekiditeko, berriz ere zubiak itxi egin behar zituela erabaki zuen. Kristoren kolpea izan zen guretzako. Berehala konturatu ginen, gainera, protokoloa guztiz arrazista zela. Zuriak garenok arazorik gabe pasa dezakegu muga, arrazializatuak, aldiz, geldi arazi egiten dituzte. Ezbeharren bat edo beste gertatuko zela ere aurreikusi genuen, baita azkenean gertatu ere. Horregatik hartzen ditu dokumentalak 2018 eta 2023 bitarteko urteak.

Oraintxe, Polizia ez dago mugan.

Chekpoint iraunkor horiek altxatu dituzten arren, Poliziak eta militarrek mendietan jarraitzen dute. Itsasoan ere, militarrak izan ohi dira. Gainera badago beste kontu bat oso umiliagarria dena.

Zer?

Oraindik ere Avenida zubiak itxita jarraitzen duela, hesituta. Gainera, Estatu frantsesak trufa egin zien Hendaiako eta Iruneko alkateei. Tourra pasatu zenean ireki egingo zutela esan zieten. Haiek pozez zoratzen argazki batzuk atera zituzten eta, hurrengo egunean, Macronen Barne Ministerioaren erabakiz, berriro itxi zuten zubia.

Dokumentala Jose Saramagoren hausnarketa batekin hasten da eta beste batekin bukatu. Saramago berak mugen aurkako diskurtsoa mantendu izan zuen beti.

Jakina. Asko gustatzen zaigu haren literatura, baina bere aipuak hartu baldin baditugu da saudadearen (tristura, herrimina...) inguruan asko idatzi zuelako. Ez hori bakarrik, Saramagok Bidasoaren inguruan ere idatzi zuen, Salazarren diktaduratik ihesi ertz batetik bestera pasa nahi izan zuten portugaldarren heriotza kontatuz. Ez dakigu zenbat izan ziren, ez baitaude zenbatuta! Aipu horrek aukera ematen zigun dokumentalaren amaieran beste bati erreferentzia egiteko. Saramagok esan zuen: “Bota dezala lehenengo harria bere zuhaitz genealogikoan emigrazioaren zantzurik ez duenak”.

Hain zuzen ere, jaso dituzun testigantzetan, Venezuelan jaiotako euskaldun bat elkarrizketatu duzu.

Bai, Aintzane Lasarte aktibistaren gurasoek, bakoitzak bere bidetik, Venezuelan bukatu zuten. Euskaldunak handik ere bagatoz. Etengabean eta modu oso humanoan datuak eman nahi izan ditut, eta kontatu euskaldunok ere izan ginela migratzaileak. Orain guri dagokigu hemendik pasatzen direnei elkartasuna adieraztea.

Dokumentalak ideia indartsu bat iradokitzen du, emigranteak mugan “ehizatu” egin izan direla.

Trailerrean ere erabili genuen ideia hori, esaldi horrek kolpatu egiten zaituelako. Filmaketarekin bukatu eta gero eman zen jakitera, polizia espainolak ere parte hartzen zuela ehiza horretan, ehizatzen zuten migrante bakoitzeko onurak jasotzen zituztelako: egun libreak, soldatan prima batzuk... Hori eskandalu hutsa da eta ez da behar bezala zabaldu. Eta horrek galdera garbia dakar: nork ematen zizkion aginduak hori onar-tzen zuen polizia buruari?

Nork?

Grande-Marlaskari esan beharko litzaioke bera ere badela horren erantzule. Melillako harresian hildakoez gainera, hemen ere baditu beste bederatzi. Polizia frantsesaren basakeria eta harrokeria ere sala-tzen dugu. Dokumentalean jasotzen den beste testigantza batean, lehen pertsonan kontatzen du Polizia guztiak direla arrazistak.

Heriotza hauen kasuan askotan erabili izan da “Bidasoa, hiltzen duen ibaia” formula. Despertsonalizazio horren kontra ere egiten du dokumentalak. Arduradunek izen-abizenak dituzte.

Bakoitzak kontatzen digunarekin osatzen da azken diskurtsoa. Gari Garaialdek, adibidez, esaldi hori en-tzuten duenean amorrua sentitzen duela dio. Essoh Roméok, bere aldetik, argi dio: Bidasoa lasai-lasai dago, heriotzak gertatzen dira norbaitek zubia ixtea erabakitzen duenean. Kontua da, itxura batean, migranteak direnez haien izenek ez dutela axola. Estatistika hutsa bihurtzen dira azkenean.

Zuk, ordea, migrante horien izenak ahanzturaren bidetik atera nahi izan dituzu dokumentalean haiengan ere fokua jarriz.

Azken arnasa eman zuten horiei ere aurpegia, izen-abizenak ipini, eta egin zuten ibilbidea erakusten saiatu gara. Minutu batean eta omenaldi gisa, humanizatu egin nahi izan ditugu, haien izaera edo harremanak azpimarratuz.

Hildakoak zifra huts bihurtzen direnean gertatzen da tragedia.

Zifrak bakarrik al dira? Ez. Herio-tza horiek arrazoi batzuengatik gertatzen dira, ardura batzuk badaude. Fokua gure ibaian jarri dugu, hor gertatzen ari delako, baina ikusmena zabaltzen baldin badugu, eta Nigerren, Malin edo la Françafrique-n gertatzen direnak aztertu, han gertatzen ari den guztiak badu eraginik gure inguruan ere. Ez hori bakarrik, frantziar hirietako periferietan poliziak norbait erailtzen badu eta banlieue-ak altxatzen badira, ez da momentuko kontu bat soilik, gizarteak bere gain aurretik jaso dituen gauza askoren ondorioa baizik.

Erortzen diren domino fitxen an-tzera...

Bapatean guztia erlazionaturik dagoela ikusten dugu.

Dokumentalak hainbat alderdi aipagarri ditu: bost pertsonen testigantzak, hildakoei omenaldia animazioaren bitartez eta paisaia.

Paisaia oso garrantzitsua da niretzat. Bidasoa aldea zergatik maite dugun erakutsi nahi genuen. Amodiozko gutun bat idatzi diogu ibaiari. Batzuk esango dute hura Frantzia dela eta hau Espainia, baina guretzat Euskal Herria da eta Pio Barojak zioen moduan, Bidasoako Errepublika.

Laugarren aspektu bat ere gehitu genezake: musikaren erabilera.

Bidasoaldeko musikariok sortutako musika oso lagungarria da dokumentalean: Oronoz-Mugaireko Olaia Intziarte, Berako Petti, Hendaian bizi den Eneritz Furyak, Iparraldeko Willis Drummond, Irun eta Errenteria bitarteko taldekidez osatutako Sonakay, Dut, Bad Sound System... Proposamen horien guztien musikak ahalbidetzen dio dokumentalari Bidasoa komunitate bat dela erakustea, ez bakarrik ibai bat.

Diziplina askotarikoak lantzen dituen artista zarela esan genezake, baina musika beti dago hor. Zure estiloaren adierazgarri da.

Azken aldian hori azpimarratu didate. Nire filmak, adibidez, horrelako kontuengatik direla identifikagarriak. Urteen poderioz lortzen den zerbait da.