Gero eta gutxiago geldi-tzen da Nafarroako Bertsolari Txapelketako edizio honetako finalistak nortzuk izango diren jakiteko. Larunbatean Agoitzen ospatu zen bigarren eta azken-aurreko finalaurrekoa, eta Julio Soto nagusitu zen bertan, abenduaren 2an Iruñeko Anaitasunan ospatuko den finaleko zortzi lekuetako bat bereganatuz.

Joan zen asteburuan Saioa Alkaizak lortu zuen pase zuzena. Hartara, azken finalaurrekoan nagusituko den bertsolariak eta puntuazio bidez sailkatuko diren beste bost bertsolariek osatuko dute Anaitasunako zortzikotea.

Agoizko Kultur Etxean jokatu zen larunbateko saioa, aretoa lepo bete zuten ia 270 lagunen aurrean. Sotorekin batera aritu ziren kantuan Ekain Alegre, Idoia Granizo, Julen Zelaieta, Xabat Illarregi eta Urko Gartzia. Saio puntuagarria bukatuta, epaimahaiak emaitza jakinarazi zuen. Soto 543,5 punturekin nagusitu zen, eta haren atzetik gelditu ziren Illarregi (529,5), Zelaieta (458), Alegre (457,5), Gartzia (445) eta Granizo (409,5). Maialen Belarra aritu da gai-jartzaile lanetan; epaile, aldiz, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena aritu ziren.

Soto indartsu hasi zen Zelaietarekin batera osatu zuen zortziko handiko ariketatik, eta zortziko txikian zertxobait behera jo bazuen ere, goian mantendu zen gainerako bertsoaldi guztietan, hamarreko txikian, puntuari erantzuten eta baita bakarkako lanean ere, epaimahaiak puntuazio altuarekin baloratu zuen lana. Illarregik ere saio borobila egin zuen ariketa guztietan maila mantenduz, eta sailkapen orokorraren bigarren lekuan kokatzea lortu du, finalerako bidea ia erabat ziurtatuz.

Lesakako saioa, azken finalaurrekoa Finalaurreko bakarra gelditzen zaio txapelketari. Heldu den igandean, azaroaren 19an, izango da, Lesakan. Herriko pilotalekuan ariko dira kantuan Joanes Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Eki Mateorena Zozaia, Mikel Lasarte Cia eta Beñat Astiz Isasi. Orduan jakingo da zeintzuk diren zortzi finalistak. Arratsaldeko 17:30ean abiatuko da saioa eta Alaitz Rekondo Ferrero arituko da kantuan. Antolatzaileek aditzera eman bezala, sarrera guztiak agortu dira dagoeneko eta egunean bertan ez da leihatilarik irekiko. Ateak 16:30etan irekiko dira.

Abenduaren 2an Iruñean jokatuko den finalerako sarrerak, aldiz, oraindik eskuratu daitezke, bertsosarrerak.eus atarian.

SAILKAPENA

  • Julio Soto   543,5
  • Xabat Illarregi   529,5
  • Saioa Alkaiza   506,5
  • Saats Karasatorre   470,5
  • Sarai Robles   468,5
  • Eneko Fernandez   465
  • Ekhiñe Zapiain   464
  • Julen Zelaieta   458
  • Ekain Alegre   457,5
  • Patxi Castillo   445,5
  • Urko Gartzia   445
  • Idoia Granizo   409,5