Ate joka daukagu jada Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 46. edizioko finala. Abenduaren 2an izango da, datorren larunbatean, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Oholtza gainean, zor-tzi finalista: Saioa Alkaiza, Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Saats Karasatorre eta Sarai Robles. Final anitza izanen dela aitortu dute antolatzaileek, izan ere, bertsolarien artean badago txapela janztea zer den badakienik eta finaleko oholtzara lehenengoz igoko denik ere. Bertso lehia 17:00etan abiatuko da, eta urte luzez Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari izandako Alaitz Rekondo izanen da irabazleari txapela jantziko diona.

Anaitasunan bertan atzo emandako finalaren aurkezpenean antola-tzaileek argitu zuten moduan, bi atal izango ditu finalak. Lehen atala zor-tzi bertsolariek jokatuko dute. Bigarren atalera, aldiz, lehen atalean puntuaziorik altuena lortzen dutenak pasako dira, eta haiek jokatuko dute buruz burukoa. Bi atalak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela.

Finalerako sarrerak oraindik eskuratu daitezke bertsosarrerak.eus atarian, eta agortzen ez badira finalaren egunean bertan leihatilan jarriko dira salgai. Anaitasunako ateak 15:00etan irekiko dira finalaren egunean, eta 17:00etan ekingo zaio saioari.

Finaleko argazkian, aniztasuna nagusi

Finalisten artean, bi dira lehen aldiz final batean parte hartuko dutenak: Karasatorre eta Robles. Gainerakoak finalean arituak dira dagoeneko: Sotok hamaikagarren finala du, Lazkozek zor- tzigarrena, hirugarrena Joanes eta Xabat Illarregik, eta bigarrena Sanjurjok eta Alkaizak. Zortzi bertsolarien artean badira txapeldun izandakoak: Alkaiza da egungo txapelduna, orain bi urte, Anaitasunan bertan, irabazita. Sotok, berriz, bost txapela ditu irabazita (2010, 2011, 2015, 2017 eta 2019an). Finalak, beraz, era guztietako ibilbideak eta kantaerak bilduko ditu.

Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari Nerea Bruñok argitu moduan, 2000 bertsozalek Anaitasuna lepo betetzea espero da datorren larunbatean. Osagai guztiak ditu saioak, beraz, final gogoangarria izateko. Nafarroako bertsolari-tza “osasuntsu eta anitz” agertu dela azpimarratu du. “Hori, zalantzarik gabe, bertsolaritzaren transmisioan etengabe egindako lanaren fruitu da, eta poztekoa da, katea ez delako eteten”.

Alaitz Rekondo Ferrero (Lesaka, 1980) izango da 2023ko txapeldunari txapela jartzeaz arduratuko dena. Oraindik martxan den ibilbide oparo bat egina du Rekondok Nafarroako bertsolaritzaren mugimenduan. Aurten, 12 urteren ondoren, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari kargua utzi du, eta une hori baliatu nahi izan du elkarteak orain arteko ekarpenari omenaldia egiteko.

zortzikotearen maila eta gaztetasuna azpimarratu dute finalistek

saioa alkaiza (iruñea, 1991)

l Bigarren finala. “Pozik nago finaleko taldea zein den ikusita, baina genero arrakala oraindik ere nabarmena da txapelketan, autokrikita egin beharra dago. Finalari dagokionez, gogotsu nago kantatzeko, zehatz eta argi aritu nahiko nuke”.

julio soto (iruñea, 1987)

l 11. finala. “Nire lehenengo finala 2006an izan zen, Elizondon, 600 zaleren aurrean. Asko aldatu dira gauzak ordutik. Atrebituko naiz esaten, zor-tzikote bezala, inoizko maila altueneko finala izango dela aurtengoa”.

joanes illarregi (leitza, 1999)

l Hirugarren finala. “Pozgarria da, eta adierazgarria ere, txapelketaz txapelketa entzule kopuruak gora egin duela ikustea. Gogotsu eta ilusioz noa finalera, baita anbizioz ere. Taldea bikaina eda eta finaleko plaza ere polita izaten da beti”.

xabat illarregi (Leitza, 2001)

l Hirugarren finala. “Finalera begira, talde ederra da, guretzat oso polita da elkarrekin kantatu ahal izatea. Emaitzari begira oso irikia ikusten dut, eta uste dut talde bezala joan behar garela final on bat egitera, bakarka ariko garen arren”.

eneko lazkoz (etxarri aranatz, 1983)

l Zortzigarren finala. “Finalaren argazkia asko aldatu da eta uste dut maila handiko saioa izango dela uste dut. Bereziki pozik nago bereziki bertsozalea ez den herri bateko bi bertsolari gaudelako finalean”.

josu sanjurjo (lesaka, 1993)

l Bigarren finala. “Txapela irabazteko hautagai aunitz daude eta horrek morbo punttu bat ere ematen dio finalari. Aurten Lesakatik ordezkari bakarra ni izanen naiz eta presio punttu bat ere sentitu dut horrekin finalaurrekoetan”.

saats karasatorre (etxarri aranatz, 1992)

l Lehenengo finala. “Urduri xamar nago lehen aldia izanen dudalako finalean eta, entzule kopurua adituta, are eta urduriago jarri naiz. Final anitza izango da publikoaren aldetik ere”.

sarai robles (barañain, 1996)

l Lehenengo finala. “Garaipen txiki bat bezala sentitzen dut Barañaingo lehenengo finalista izatea. Oso pozik nago eta oraingoz ez nago urduri. Nire helburua gozatzea eta plazak ez gian hartzea izango da”.