Udabiltzaren Geuretik Sortuak ekimenaren baitan Komikigintza lantzen aritu diren sortzaileen lanak biltzen dituen Hona bostekoa! komiki bilduma aurkeztuko dute urtarrilaren 26ean, 18:00etan, Berako Beralandetan.

Ekimen honek hainbat beka eman zituen iazko udaberrian literatura, komikigintza, antzerkigintza eta zinemagintza lantzeko eta egindako lanaren lehendabiziko aurkezpena izanen da ortziralekoa.

Hona bostekoa! komiki bildumak Aritz Ibarra, Unai Gaztelumendi, Kote Camacho, Eñaut Aiertzaguena eta Iñaki Mariarena Mattin komikigileen lanak biltzen ditu. Berako aurkezpena Aritz Ibarraren eskutik izanen da. Izan ere, komikigile gasteiztarra Beran, Lesakan, Saran eta Urruñan aritu zen bere lana lantzen.

Aldaxka pozoituak da Ibarrak landu duen lanaren izena eta 2014ko azaroaren 11an kokatzen da istorioa, Lehen Mundu Gerraren armistizioaren urteurrenean. Aurkezpenaz gain, gainera, Beralandetan paratutako erakusketa bisitatzeko aukera ere izanen da otsailaren 2ra arte. Bertan, komikigileen sorkuntza-prozesua ikusten ahalko da, bertzeak bertze. Ondotik, erakusketa hau Sarara lekualdatuko dute eta otsailaren 5etik 9ra arte izanen da han.

Geuretik Sortuak beka 2021ean sortu zuen Udalbiltzak, Euskal Herriko sorkuntzari bultzada eta plaza emateko asmoz. Batetik, euskarari ekarpen garrantzitsua egiteko anbizioz hasi zen proiektua. Bestetik, Euskal Herriko historia modu artistikoen bitartez kontatu ahal izateko sortzaileei bultzada bat ematea zuen ardatz. Hala, horri guztiari erantzuteko, euskaratik eta euskarazko sorkuntza bultzatzeko eta hari leku bat emateko sortu zen Geuretik Sortuak beka.

2024ko zirkuitua

Behin lanak bukatuta, Geuretik Sortuak proiektuaren bigarren zatia martxan jarri da, beka horren bidez sortutako lanen zirkuitu nazionalari hasiera emanez. Hala, Berako aurkezpenaren ondotik, eskualdeko beste herri batzuetan ere hainbat sorkuntza lan ikusteko aukera izanen da. Konkretuki, bekaren bigarren edizioan parte hartu duten herrietan izanen dute aukera hau: Beran, Lesakan, Saran eta Leitzan.

Otsailaren 17an, Antzerki Aroaren eta Ttipia konpainiaren eskutik Olagarrua lana ikusteko aukera izanen da Beran. Horretaz gain, otsailaren 25ean, Lesakan, eta martxoaren 9an, Saran, Eukalyptus lana taularatuko du Jon Ander Urresti antzerkigileak.Martxoaren 15ean Unai Gaztelumendi komikigileak bere lana aurkeztuko du Leitzan eta azkenik, ekainaren 9an Eraitsi S.L lanaz gozatzeko aukera izanen da Leitzan.